Hirian zezenketak bertan behera uzteko Elkarrekin Donostiaren mozio bat errefusatu du udalak

Donostia Animalien Torturarik Gabeko Hiria deklaratzeko eta Illunben zezenketei amaiera emateko Elkarrekin Donostiaren mozio bat errefusatu du osoko bilkurak, EAJren, PSEren eta PPren botoekin.
“Animalien tortura ez da kultura. Animalien tratu txarrak ez dira kultura. Ezinezkoa da 2025ean oraindik Illunben horrelako praktikak existitzea. Eta okerragoa: Donostiako gobernu honek esaten du Illunbe Berria eraikitzen denean, behin-behineko egokitzapen moduan zezen plaza bihurtzeko gaitasuna sartuko dela, animalien tortura eta eskubideen urraketa ‘kultura’ moduan jarrai dezagun”, salatu zuen atzo Elkarrekin Donostiako Victor Lasa bozeramaileak.
Elkarrekin Donostiak gogorarazi du donostiarrek “oro har” eskatzen dutela zezenketak bertan behera uztea, “hiritarren %71ren gaitzespena” baitute zezenketek. Alderdiak defendatu du animaliak babestea ez dela “aukera” bat, “betebehar etiko” bat baizik. Horregatik, mozioa bertan behera geratu ostean, adierazi dute lanean jarraituko dutela animalien aurkako tratu txarrik gabeko Donostia eta EAE bat eraikitzeko.