Irla bat, lainope ilunean

Ia 90 edizio bizkarrean izanagatik ere, dekanoa den musika jaialdi batek ezin dio iskin egin orainaldi biziari. Albistegiak irekitzen dituen ezegonkortasun politikoari, munduko beltzune nabarmenei, aurrerapen teknologikoei zein kulturak gizartean jokatu beharko lukeen rol esanguratsua ezbaian jartzen duten ahots disonanteei. Gaurkotasunean idazten baita abuztuan Donostia epizentro izanik, Gipuzkoako zein euskal lurralde ezberdinetako txokoak musikaz jantziko dituen zikloa: Donostiako Musika Hamabostaldia. Ezin die ziklo prestigiotsu bezain mamitsu honek iskin egin gatazka zein gudei. Musika klasiko deituak —azken bospasei mendeetan idatzia izan den musikaz gain, bazen musikarik lehen ere— balio estetiko gorenak sublimatzeaz gain, etikoki hausnartzera bultzatu baitu gizakia, bere kezkarik estuenak, antsia neurrigabeak eta lehia moralak bideratzeko ateak eskainiz. Bideak anaitasunari, leihoak elkarrizketari, katebegiak humanismoaren biziraute ezinbestekoari. Ostertzean agertzen diren lainoak potoloak bezain ilunak izanik ere, edizio berri batez eskainiko dizkigu Hamabostaldiak, guztion barne zein kanpo gozamenerako talaiak.
Has gaitezen amaieratik. Nabarmentzekoa iruditzen baitzait, Kursaal auditorioan egingo dituzten kontzertuen artean, abuztu hondarrean Gewandhaus orkestra entzutetsuak eskainiko duena. Zikloan presentzia ohikoa duen Donostiako Orfeoiaren laguntzaz, Johannes Brahms konposatzaileak idatzitako Ein deutsches Requiem —Requiem alemaniar bat— maisulana jorratuko dute bertan. Arkitektura musikalean aise nabarmendu zen konposatzaileak sentsibilitate handiz eraikitako hilen meza gorena entzuteko aukera aparta. Beste hiru zita aipatuko nituzke, Moneoren kutxek jasoko dituztenen artean. Lenny Bernstein amerikarrak idatzi eta ondoren zinemaren indarrez erabat jendarteratu zen West Side Story amodio istorioa. Atlantikoaz bestaldetik datozkigun berri guztiak tankera grisa duten honetan, ezin interesgarriagoa deritzot pasa den mendeko distira amerikarraren erakusle den lan bikain hau birbisitatzea, Bernsteinen erritmo eta kolore jokoak ezagutuz. Bigarrengo aipua, Jesus Guridiren Amaya euskal opera. Jose Arrue margolari zenak euskaratutako libretoarekin, musikari gasteiztarrak Richard Wagnerren hezkuntzara gerturatu nahi izan zuen bere heldutasunean amaitutako lan honekin. Motibo konkretu batzuen erabilera, orkestrazioaren handitzea, harmonia elaboratuen arrastoa. Duela ehun urte pasatxo estreinatutakoa eraberritzeko parada bikaina. Eta azkenik, Zurriola parean behintzat, Maurice Ravelen omenaldia, bere jaiotzaren 150. urteurrenean. Sumindu baninduen ere kontzertu horretan euskal izenik ez ikusteak, ezin diot uko egin Ravelen musika beti elegante eta finaz gozatzeko jaialdiak eskainiko digun zita apurretako bat aipatzeari. Paul Wittgenstein lagunari, honek gerran eskuineko eskua galdu ostean, idatzitako Ezker eskuarentzako kontzertu titanikoa entzungo da bertan. Omenaldi xumeegia, hala ere, Ravelen figura totemikoak exijitu ei digunerako.
Bakarlarien alorrean, bi izen propio. Bata etxekoa eta bestea, etxeratzeko modukoa. Xabier Anduaga eta Mitsuko Uchida
Bakarlarien alorrean, bi izen propio. Bata etxekoa eta bestea, etxeratzeko modukoa. Xabier Anduaga donostiar tenoreak bi kontzertu eskainiko ditu Hamabostaldian zehar. Nabarmenduko nuke pianoaren laguntzaz ehun urte beteak dituen Viktoria Eugenia antzokian oparituko diguna. Bere ahots liluragarria ezagutzeko zirrikitua, alajaina. Mitsuko Uchida pianoaren dama izango litzateke beste harribitxi galdu ezina. Lerrook idazten dituen musikari umil hau txundituta atera zen Vienan eskaini zuen errezital bat entzutetik. Europako bihotzean jo zuena errepikatuko du Easo Ederrean: Beethovenen pianorako azken hiru sonatak, sakon bezain xarmantak. Izango da, noski, gazte jendearen talentuaz gozatzeko parada ere; horiexek bai, publiko gisa gure presentzia zein txaloak ongi mereziak dituzten aprendiz baliotsuak. Zenbat ikasketa ordu, zenbat kariño Miramar Jauregiko emanaldiak prestatzeko. Lagundu diezaiegun, otoi.
Instrumentuen erregea izendatuak ere —zerbaitengatik aukeratu zuen batek berau— protagonismo propioa bereganatuko du abuztuko lehen bi aste ziur beroetan. Eguzkipeko sutik aldentzeko probestu ohi diren eliza hainbat izango ditu marko organo zikloak. Nabarmentzekoa, dantza taldeak eta organoa batuko dituzten kontzertuak —Deban zein Artzain Onaren Katedralean— nahiz organista internazionalen presentzia erabatekoa. Elizpean ez ezik, Tabakalerako aterpean ere izango du abrigu dantzak. Laida Aldaz edota Melania Olcinaren sorkuntzarik berrienak dastatzeko tartea eta musikak bigarren planoan ere izan dezakeen garrantziaz jabetzekoa. Ezin, teklatua zanpatzeari utzi aurretik, iaz izugarri gustatu zitzaidan Easo Abesbatzaren adar desberdinek burututako produkzioaren aurtengo alea izendatu gabe utzi: Nizugu haur opera. Elokuentziaz eta argitasunez jositako Marta Garciaren testuek umeen nahiz urteetan aurrera goazenon lilura bereganatu zuten iaz. Ziur aurtengoan ere zerbait kitzikagarria prestatua digutela.
San Telmo museoko gau intimoak, nire azken gomendio gisa. Klaustro bikainaren bueltan burutu ohi dira azken urteotan antzinako musikaren mistika eguneratzeaz arduratzen diren zitak zein ensemble eta talde murritzagoen lana eskatzen duten ganbera musika kontzertuak. Bi zikloetan aurkitu lezake batek uda arrats bat eztitzeko moduko menua.
Topatuko gara, irakurle, espirituaren ezinegona baretzeko primeran etorriko zaizkizun emanaldietan. Errutinaren zama arinduko dizuten partituretan. Erortzera doala dirudien arkitektura soziala apur bat altxatzen lagunduko diguten notetan. Aurkituko gara, Hamabostaldian!