Kuadrillen jolasak jaietako egun guztietara zabaldu dituzte Loiolan
Loiolako jaietako datak pixka bat atzeratzea erabaki dute aurten, eta Iltzearen ehorzketa hilaren 31n egin beharrean, abuztuaren 3an egingo dute. Gainera, kuadrillek protagonismo berezia hartuko dute, egunero izango baitute jolasen bat, puntuak lortzeko.

Asteazken arratsaldean emango diete hasiera Loiolako jaiei, eta hortik aurrera, festak ez du etenik izango auzoan, igandera bitarte. Aurten, jai batzordeko zuzendaritza taldea aldatu dute, eta Jon Revilla eta Itsaso Izagirre dira hemendik aurrera batzordeko presidentea eta idazkaria, hurrenez hurren. Bada, Izagirrek azaldu du jaiak antolatzeko duen erantzukizuna “gogoz” hartu duela. “Aldi berean, esango nuke jai batzordean oso talde polita dugula, baina ez da oso handia. Orduan, jaiak prestatzeko bai, baina festa egunetan egitarauko jarduerak aurrera eramateko nahiko justu gabiltza”, onartu du Izagirrek. Hemen daukazue egitaraua.
Nahiz eta antolakuntzan pertsona gutxi aritu, aurten ere lortu dute egitarau oparoa ontzea, eta badira berritasunak ere. Iaz, lehen aldiz, kuadrillolinpiadak egin zituzten, ohartu zirelako “kuadrillek ez zutela toki propiorik festetan”. Hori dela eta, Kuadrillen Eguna antolatzea erabaki zuten, eta kuadrillolinpiadako jolasek “arrakasta” izan zutenez, aurten modu berezi batean emango diote jarraipena horri: “Jolas horiez gain, olinpiada handiak muntatu ditugu; hau da, jolas desberdinak egingo ditugu jaietako egun guztietan, eta kuadrilla bakoitzaren puntuazioarekin ranking bat egingo dugu. Azken egunean, kuadrilla irabazleari saria emango diogu. Horrela, jarraipen bat izango dute jaiek, eta kuadrillek ez dute egun bakarra izango”.
Mikeltxi DJ-a, Tinez, Itzal Erromeria, La Fulana DJ-a eta Mirariren kontzertuak izango dira, besteak beste, aurtengo jaietan
Urtero, jaietako jarduerarik bereziena festari amaiera ematen dion Iltzearen ehorzketa izaten dela onartu du Izagirrek, “egun horietan guztietan pasatzen duguna ixteko momentu berezia izaten delako”. Normalean, uztailaren 31ko gauean egin ohi dute; baina oraingoan, datak aldatu dituzte jaietan, eta abuztuaren 3an egingo dute auzoko ikur preziatuaren ehorzketa.
Horren aurretik, ordea, askotariko eginkizunez gozatzeko beta izango dute auzotarrek, eta horien artean, hainbat kontzertu nabarmendu ditu jai batzordeko idazkariak: “Asteazkenean, urteroko moduan, Mikeltxi DJ-a izango dugu; ostegunean, Lean and Wavs, Tinez eta Gordas Pinponeras izango dira; ostiralean, Itzal Erromeria eta La Fulana DJ-a etorriko dira, eta larunbatean, Sobre mi gata, Mirari eta Amaia Normal DJ-a arituko dira jaiak girotzen”.
Izen emateak zabalik
Abuztuaren 2an kuadrillen bazkarira joan nahi dutenentzat sarrerak aurrez erosi behar dira, eta kuadrillen jolasetarako ere izena eman beharko dute lagun taldeek. Hori egiteko, @loiolakojaiak Instagram kontuan dituzue esteka guztiak.