Turismoa eta turistifikazioa

Bai, badakigu, denok gara turistak nonbait eta noizbait. Baina, badirudi batzuek oraindik ez dutela ulertu turismoaren eta turistifikazioaren arteko desberdintasuna. Turismoa hartzen duen eremua ez turistifikatzea da kontua, turismoaren berezko ez-jasangarritasunean oreka bilatzea, alegia.
Donostia ez dago galduta, baina turistifikazioa ematen ari da aspalditik, inork gutxi ukatzen du hori. Hortik «Tourist go home» pintaketak. Kontua ez da hondartza honetan edo hiri honetan jaio izana, kontua da hiri honetan bizi direnak euren hirian arrotz ez sentitzea. Zeren, turismoa ez da eskubide bat, eskubide bat da zure hirian bizitzea.
Turistifikazioa ez da fenomeno natural bat, urte luzez hartutako erabaki politiko eta ekonomiko zehatz batzuen ondorioa baizik. Erakunde publikoak eta sektoreko enpresak dira, beraz, erantzule nagusiak eta eredua birpentsatzera behartu behar ditugunak. Baina herritarrok, denok turistak garen heinean, erakundeen eta enpresen aurretik joan behar dugu, eta gure bidaiatzeko eta turismoa egiteko modua birpentsatu. Ez da ezer pasatzen hiru egun libre ditugun bakoitzean hegazkin merke bat edo furgoneta hartu, eta Instagramen ikusi ditugun ez dakit zein hiriko lau monumentuak ikustera ez bagoaz. Mundu erdia ezagutzen dugula diogu eta Donostiako mapan Antondegi kokatzen ere ez dakigu; txankleta hori baino galduago gaude.