Uliako «erlazio mintegiak» hamar urte bete ditu
Uliako Lore Baratzak egitasmoak hamarkada bete du. Talde eragileko Leire Rodriguez eta Carmen Martinez de la Hidalgak azken urteotan izan dituzten zailtasunak eta arrakastak gogora ekarri dituzte.

Uliako Lore Baratzak egitasmoa 2013an hainbat gazteren jakin-minari esker abiatu zen. 2008an, bertan zeuden udal mintegiak Altzara eraman zituzten. Ondorioz, tokia hutsik gelditu zenez, luxuzko 30 etxebizitzen proiektua hasi zuen udalak. Krisiak proiektua atzera bota zuen eta bost urte beranduago, hainbat gazte proiektua martxan jartzen hasi ziren. Hasieran, arazo ugari izan zituzten, baina 2015eko otsailean, Uliako Auzo Elkarteak lagapena lortu zuen Uliako Lore Baratzak proiektua martxan jartzeko. Hamar urte beranduago, arrakasta handiko parke bilakatu da baratzea.
Beste bizi eredu bat
Donostian, gune berdeak galtzen ari dira. Baratzeak “prozesu merkantilistetatik eta turistifikaziotik kanpo dauden espazioak dira”, aitortu du Leire Rodriguezek, talde eragileko kideak. Baratze honen helburua bizikidetza sortzeko lekua izatea da, gaitasuna, adina eta jatorria alboan utzita. Baina beraien helburu nagusia, tokia parke moduan babestea da, izan ere, udalak orube gisa ikusten du eta, horregatik, ez du baratzearen zaintza bereganatzen. Boluntarioekin aritzen dira lanean, normalean hogei boluntario izaten dira, baina jarduera berezietan boluntario kopurua guztiz handitzen da.
Baratzean eskola ugari izaten dira. Hauek baratze alor propioak dituzte. Gainera, Donostia Gazteriarekin proiektu bat dute Xorromoro elkartearen bitartez, eta honen bidez, sei eskoletako ikasleak eramaten dituzte, baratze mundua ezagutu dezaten. Komunitateak du garrantzi handiena baratzean, izan ere, baratze besteekin elkarlanean aritzeko gunea da. Kanpotar ugari joaten dira Uliara, eta, gainera, beti berriro bueltatzen dira proiektuarekiko interes handia baitute.
Beraiek beste bizi eredu bat proposatzen dute. Boluntarioek aurrera eramandako proiektua da eta naturaz inguratuta egoteko gune aproposa da. Egunerokoan “oso zaila da naturarekin batzea”, adierazi dute. Uliako Lore Baratzak egitasmoa “gizarte kapitalistan posible ez den erlazio mintegia” da eta, bertan, deskonektatzeko aukera aproposa dute.
Parkeak hiritarrentzat hainbat jarduera eskaintzen ditu. Auzolan, adibidez, igandeetan egiten duten jarduera da. Bertan, parkearen mantentze lanak egiten dituzte eta, ondoren, bakoitzak etxetik ekarritako janariarekin, hamaiketakoa egiten dute. Astearteetan, berriz, talde iraunkorrarekin egiten dituzte baratze eta lorategi jarduerak.
Beraientzat, etorkizuna egiten dutena berdin egiten jarraitzea da, izan ere, egitasmoak arrakasta handia du dagoeneko
Parkeak arrakasta handia lortu du
2021ean, proiektuak New European Bauhaus saria jaso zuen. “Oso ongi zegoen lana aurkeztu genuen, inolako itxaropenik gabe”, adierazi du Carmen Martinez de la Hidalgak, talde eragileko kideak. Beste taldeetan maila altua zegoen, hala ere, lan handia egin eta gero, ustekabean saria jaso zuten. Boluntariotza oinarrian duen proiektuen barnean, beraiena izan da saritutako bakarrenetakoa eta, horregatik, “harrotasun handia” sentitzen dute.
Arrakasta handi horren ondoren, udalaren babesa espero zuten, baina esfortzuak “ez zuen ezertarako balio izan”. 2019an, beraien baimena amaitu zen eta, geroztik, udalarekin harremanetan jartzen saiatu dira, alferrik. Baratzeak Donostiako Udalaren diru laguntza bat jasotzen du; hala ere, diotenez, ez dute “inolako duintasunik”, izan ere, boluntarioak lanean aseguru gabe aritzen dira.
Gainera, bertan eraikitzeko saiakera ugari egon dira azken urteotan. Oraindik ez dute eraikitzerik izan, eta horrela jarraitzea da boluntarioen helburu nagusia. Baina horretarako, erraza izan ez arren, beraien egoera legala udalarekin aldatu behar dute, diotenez.
Hala ere, parkeari dagokionez, gauzak dauden moduan gustuko dituzte, horregatik, etorkizunean pentsatzea zaila egiten zaie. Oso indartsua den proiektua da, baina oso hauskorra baita ere. Beraientzat, etorkizuna egiten dutena berdin egiten jarraitzea da, izan ere, egitasmoak arrakasta handia du dagoeneko. Oso eroso sentitzen dira orain duten egoerarekin: talde eragilean zortzi pertsona dira eta emakumeen presentzia handia dago. Uztailaren 2an, Maru Soloresek zuzendutako dokumentala aurkeztu zuten. Hau oraindik ez dute igorri, baina proiektuaren oinarria jasotzen duen filma da.
Uliako Lore Baratzak egitasmoak aurten hamar urte bete ditu, baina beste hamar betetzeko helburua dute, eta horretarako lanean jarraituko dute, oztopoak gutxinaka gaindituz.