60. Jazzaldian

I’ve Got You Under My Skin jazz standard-arekin hasi zuen Jamie Cullumek asteartean Kursaaleko aretoan eskaini zuen kontzertua, eta nik horrelaxe dut Jazzaldia, azalaren azpian txertatuta, orain dela 40bat urte aurreneko aldiz jaialdiko kontzertu batera nire osaba-izebek eraman nindutenetik. Gure hirian urteko egunik onenak izaten dira niretzat, horrenbeste musikak sortzen duen giro bereziagatik. Eta publikoari antzematen zaio alaitasuna aurpegietan. 2024an, gure Elkano Browning Cream taldearekin bi kontzertu eskaini genituen Jazzaldian, baina horrez gain, ezin izan nuen ezer entzun, beste hiri batzuetan jo behar izan genuelako egun horietan. Beraz, gogotsu nengoen aurten posible izan dudan hiru egunetan musikaz blai egoteko.
Jamie Cullumek kontzertu ederra eskaini zuen Kursaaleko auditorioan, ohikoa duen rockstar ikuspuntutik planteatuta. Interprete eta showman aparta da, eta gertutasunetik komunikatzen da entzuleekin. Oso estilo anitzeko errepertorioa eskaintzen du (jazz, funk, blues, latin, rock…) eta naturaltasunez nahasten ditu jazz standard-ak Rage Against The Machinekin, adibidez. Erraz gustatzeko kontzertua egin zuen eta publikoak ederki disfrutatu zuen, baita Cullumek gidatuta ero moduan dantza egin ere.
Asteazkenean, Beach Boys ikustera joan nintzen Kursaalera. Oso gustuko ditut beraien 60ko hamarkadako himnoak, bereziki, Pet Sounds diskokoak, eta horietan oinarritutako kontzertua eskaini zuten. Eszeptiko joan nintzen eta zurtuta irten bizi izandakoarekin. Jatorrizko taldekideetatik Mike Love baino ez da geratzen da taldean, eta oraingo taldea musikari gazteagoek osatzen dute; Las Vegasko kasino dekadente batean tributu banda batek eskainiko lukeen proposamena iruditu zitzaidan beraiena. Ahotsak afinatzeko zailtasunak, aurretik grabatuak, pailazo jarrerak, audiobisual pobre etengabea atzeko pantailan…zer behar horretarako guztirako? Gustatu zitzaidana Jon Bolton bateria jolearen erritmoa eta estiloa izan ziren, rock-and-rolla barruan zeraman. Hala ere, publikoak klasiko horiek guztiak entzuten ederki pasa zuela zirudien (Surf in the USA, Good Vibrations, Kokomo…).
Hura bukatzean, Kursaaleko terrazetako eta hondartzako eszenatokietako kontzertuak ikusten ibili nintzen. Jamie Cullumen bigarren kontzertua bezperakoaren antzekoa izan zen arlo musikalean, baino hondartzan izanda giro ludikoa nabarmenagoa zen barruko auditoriokoarekin konparatuta. Ondoren, Peter Roth Trioren proposamen libre eta esperimentala asko disfrutatu nuen Fnac gunean, baita lau pianistek osatutako Pianoforte talde bitxiarena. Inoiz ikusi gabe nengoen lau pianoz osatutako talde bat eta interesgarria gertatu zitzaidan zereginak nola banatzen zituzten beraien artean, emaitza musikal zentzudun bat lortzeko. Eguna bukatzeko, hirirako hain berri ona den Altxerri jazz tabernaren berrirekiera ospatzen zela et,a bertara gerturatu nintzen, baina, dagoeneko, musika jam saioa bukatuta zuten.
Ostegunean, pandemiaz gerozko Jazzaldietan San Telmo museoko klaustroan ospatzen diren piano bakarkako kontzertura joan nintzen Bojan Z pianista entzutera. Gune hau nire gustukoenetako bat da, sortzen den gertutasun giroagatik. Kolako piano eder bat soilik klaustroko akustika ederrarekin jolasean eta publikoa gertu gertu egoteak esperientzia zoragarria bizitzeko aukera ematen du. Kontzertu ederra izan zen, delikatua eta indartsua aldi berean, melodikoa eta erritmikoa. Txalo zaparrada jaso zuen Bojanek.
Arratsaldean, Kursaaleko auditorioan Yerai Cortes gitarrista flamenkoaren emanaldian izan nintzen. Musikari aparta da Yerai eta bere proposamenak badu izaera propio markatua. Bera bakarrik gitarrarekin, sei emakume kantarik lagunduta abestuz eta txaloak joaz, pasarte batzuetan Ry Cooder gitarrista estatubatuarraren bertsio flamenko baten antza ere hartzen nion, sortu zituen giro hipnotikoengatik.
Bukatzeko, Trinitate plazako programa ireki zuten Steve Coleman aurrena eta ondoren Kurt Elling eta Yellowjackets ikustera joan nintzen. Hau da Jazzaldiaren esentzia gordetzen duen agertokia, niretzat, munduko aretorik magikoenetako bat. Bertan, urteetan zehar bizi izan ditudan kontzertuak ahaztezinak dira: Hank Jones, Abbey Lincoln, Clarck Terry, James Brown, Maceo Parker, Etta James, Chick Corea… Eta ostegunekoa ere horien mailakoa izan zen, Jazzaldia nondik datorren eta zein izaera duen gogorarazten digun horietakoa.

Steve Colleman saxofoi jotzaileak Trinitate plazan jo zuen Jazzaldiko osteguneko gauean.Lolo Vasco/Jazzaldia
Steve Coleman & Five Elementsek jazzaren alde libreena erakutsi ziguten, aparteko musikariek sortutako bidaia inprobisatu zoragarri batekin. Ondoren, Kurt Elling eta Yellowjacketsek Wether Report taldearen konposizioetan oinarritutako kontzertua eskaini ziguten. Elling gaur egungo jazz abeslaririk nabarmenetakoa da eta hain eder abesteaz gain, izugarri komunikatzaile ona ere badela erakutsi zigun, argi hitz eginez eta euskara ere erabiliz eskerrak emateko eta agur esateko. Steve Colemanen Sean Rickman bateria jotzailea ondoan jarri zitzaidan eserita Elling ikusteko, eta gozatu ederra hartu zuen hark ere. William Kennedy bateria jotzaileak erabat txundituta utzi gintuen bere zehaztasun eta indarrarekin. Ez da sarritan izaten horrelako mailako musikariez gozatzeko aukera, izugarria izan zen.
Hau izan da aurten Jazzaldian bizi ahal izan dudana, eta aurreko guztietan bezala, ziur nago hiru egun hauetan jasotako aniztasun musikalak izango duela niregan eragin positiboa. Bertan izan zaretenongan ere horrela izatea opa dizuet.