Pascoal, Ribot eta Bridgewater, gogoratzeko egun bat Jazzaldian
Donostiako 60. Jazzaldiko egun esperoenetako bat zen atzokoa, hiru kontzertu hauengatik: Hermeto Pascoal legendarena, Marc Riboten laukotearena eta Dee Dee Bridgewater nekaezinarena. Gorabehera batzuekin, luzaroan gogoratzeko Jazzaldiko egun horietako bat izan zen.

Urtero, musikaren legendaren bat ikusteko aukera eskaintzen du Donostiako Jazzaldiak eta aurtengo egitarauko legenda handiena, ziur aski, Hermeto Pascoal musikari brasildarra izan da. Gutxienez, beteranoena, 89 urterekin igo baitzen atzo (hilak 25) Kursaaleko oholtzara, bere banda apartarekin. Lakuko musikaren bideo ezagunaren protagonista da Pascoal, baina hori baino askoz gehiago da, XX. mendean zehar doinu berriak sortzeko gai izan den musikari erreferente bat izan baita, eguneroko etxetresnekin eta askotariko instrumentuekin Brasilgo musika tradizionala, jazza eta bestelako estiloak uztartuz. Miles Davisek berak esan omen zuen Pascoal “munduko musikaririk harrigarriena” zela.
Mirestekoa da Pascoalen bizi gogoa eta jarrera, bederatzi hamarkada betetzera doanean munduaren beste aldera joan eta kontzertu bat emateko energia edukitzeagatik. Baina, akaso, musikari horren beteranoak oholtzan ikustearen erromantizazioari buelta bat ematea komeniko litzateke, arnasgailu batera lotuta igo baitzen agertokira Pascoal, eta ezer gutxi jo zuen kontzertuan zehar. Tarteka, doinu batzuk jo zituen teklatuan, baita te ontziarekin eta adar berezi batekin solo txiki batzuk egin ere, eta, amaieran, pare bat aldiz abestera ere animatu zen, ikusleekin gertutasuna agertuz, berarekin abestera animatuz.
Pascoal musikari apartez inguratu da Kursaalean abiatu duen bira honetarako, tartean bere seme Fabio Pascoal, eta kontzertu bikaina eskaini zuen taldeak. Jazz doinu biziak erritmo latinoekin eta musika tradizional brasildarrarekin ederki uztartu zituen Pascoalen taldeak, Jota P.-ren saxoa eta flauta zorrotzak Itibere Zwargen baxuarekin, Andre Marquesen pianorekin eta Ajurina Zwargen bateriarekin ederki konbinatuz.
Aipamen berezia merezi du Fabio Pascoalen lanak, une oro bere aitaren beharretara adi egoteaz gain, hamaika tramankulu baitzituen mahai gainean, eta horiekin guztiekin musika egiteko gai izan zen: triangelu batetik hasi eta gomazko txerri eta behi banaraino, jostailuzko txilibituetatik eta etxetresna zaharretatik pasatuz. Halako trasteekin hainbat solo ere egin zituzten Pascoalek, Zwargentarrek eta Marquesek, tarteka oihaneko soinuak Kursaalera ekarriz. Ikusteko zaila den kontzertu horietako bat izan zen brasildarrena, desberdina eta gogoratzekoa, Hermeto Pascoal legenda zuzenean ikusi izanagatik eta taldearen bikaintasunagatik.
Marc Ribot, gitarra gorputzaren parte
Pascoalen musika harrigarritik, Trinitate plazara, Marc Riboten kontzertura. Ribotek Donostia Jazzaldia saria jasoko du igandean Viktoria Eugenia antzokian emango duen kontzertuan, eta atzo Trinitate plazako agertoki mitikoan eskainitakoan erakutsi zuen merezimendu osoz jasoko duela sari hori. Hurry Red Telephone taldearekin igo zen oholtzara Ribot, eta emanaldi borobila eskaini zuen.
Gitarrista aparta da estatubatuarra, gitarra bere gorputzaren parte dela dirudien horietakoa. Ava Mendoza gitarristarekin, Sebastian Steinberg kontrabaxu jotzailearekin eta Chad Taylor bateria jotzailearekin igo zen oholtzara. Riboten eta Mendozaren gitarren doinu zorrotzek plaza bete zuten, jazz elektrikoarekin nagusiki, tarteka doinu latinoak ere joz.
Bestelako estiloak ere menderatzen dituela erakutsi zuen Ribotek, blues abesti izugarri indartsu batzuk ere jo baitzituen, baita rock kutsuko pieza bat ere, gitarra astun eta indartsuekin. Hori guztia, modu erraz eta natural batean jazz doinu ederretara itzuliz, Trinitate plazako gaua ireki eta berotzeko.
Dee Dee Bridgewater, zurrunbilo aldarrikatzaile geldiezina
Ribotena hasiera bikaina izan bazen, Dee Dee Bridgewaterrena jarraipen eta itxiera are bikainagoa izan zen, gau bikain-bikain bat osatuz. “Dee Dee Bridgewater oholtzan dena ematen duen musikaria da”, esan zuen Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak 75 urteko abeslari estatubatuarrari Donostiako Jazzaldia saria ematerakoan —hiru sari emango dituzte aurten: Bill Bruford, Marc Ribot eta Dee Dee Bridgewater—, eta hala egin zuen Bridgewaterrek.
Oso eskertuta agertu zen sariarekin, eta emakumeen eta, bereziki, emakume beltzen eskubideak aldarrikatzeko aprobetxatu zuen hitzartzea, baita kontzertua nolakoa izango zen azaltzeko ere: “Saiatuko naiz emakume beltzak ordezkatzen jarraitzen, emakume guztiak ordezkatzen. Gaurkoak, protesta abestiak izango dira”. Hitzez ez ezik, ekintzaz ere aldarrikatzailea eta borrokalaria da Bridgewater eta, ildo horretatik, emakumez osaturiko talde batekin igo zen oholtzara, gauza oraindik ezohikoa musikan, oro har, baita jazzean ere.

Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen Dee Dee Bridgewaterrek Trinitate plazako kontzertuaren aurretik, oso eskertuta.Lolo Vasco/Jazzaldia
Bridgewaterrek, Carmen Staafek (pianoa), Rosa Brunellok (baxua) eta Shirazette Tinninek (bateria) emanaldi borobila eskaini zuten, hasieratik bukaerara, musikalki aparta eta mezu sozial eta politiko indartsuekin. Jazza jorratu zuten The Stylisticsen People Make The World Go Round eta Roberta Flacken Tryin’ Times-en moduko abesti ederrekin, Bridgewaterren estilo propio eta bereziarekin interpretatuta.
Baina, bluesa ere bikaintasunez jorratu zuen laukoteak, Ray Charlesen The Danger Zone (Percy Mayfieldek idatzia) abestiarekin, besteak beste. Nina Simoneren Mississippi Goddam abestia izan zen gaueko une gorenetako bat, Simonek 1963an Alabaman izandako atentatu arrazista baten harira haserre idatzitakoa. Tamalez, bizi-bizirik daude oraindik ere atentatu horren oinarrian zeuden ideia arrazista eta ultraeskuindarrak, AEBetan, munduan eta baita Donostian ere; Donostia Goddan abestu genezake, sarritan.

Dee Dee Bridgewaterrek dena eman zuen Trinitate plazako oholtzan, bere musikariekin batera.Lolo Vasco/Jazzaldia
Taldekide guztiek eduki zuten solo apartak jotzeko parada emanaldian zehar, zein baino zein hobea. Bereziki aipatzekoa da Brunellok Gotta Serve Somebody (Bob Dylan) abestian baxua nola jo zuen, gitarra bat baitzirudien, gitarra zorrotz eta indartsu bat. Blues kutsuko abesti hori hasieratik bukaerara izan zen indartsua, gaueko onenetako bat, Trinitate plazako publikoa, batzuetan zurrunegia izaten dena, zutik eta dantzan jartzeko gai izan zena. “Guk, herriak, daukagu boterea! Babestu zuen demokrazia”, oihukatuz itxi zuen emanaldia Bridgewaterrek, ukabila altxatuta.
Bis bat ere jo zuen, baita modu xelebrean jo ere, bere txakurra besoetan zuela eta Trinitate plaza gospel doinuez betez, momentu batez Mississippiko eliza bat bihurtuz enparantza. Halako batean “argia ikusi” zuten The Blues Brothersek bere garaian, eta Trinitate plazan geundenok ere argia ikusi ahal izan genuen atzo ere Bridgewaterri esker; musikaren argia, bere aldarrikapenen argia eta musikak belarriak goxatzeko baino askoz gehiagorako balio duenaren argia. Bere proiektuaren izena oihukatuz itxi zuen gaua abeslariak: “We exist!“. Eskerrak Dee Dee Bridgewaterren moduko pertsonak existitzen direla, bai.