179.180 lagun batu ditu 60. Jazzaldiak
Zurriola hondartzako Keler Gunea izan da berriro agertokirik jendetsuena, 110.000 pertsona elkartuz.

179.180 lagun batu ditu atzo amaitu zen 60. Jazzaldiak. Gaur, jaialdiaren balorazioa egiteko eguna izan da, eta jakinarazi dutenez, doako 52 kontzertuek 158.700 lagun bildu dituzte, eta ordainpekoek, berriz, 20.480. Gainera, sarrerak 40 herrialdetatik erosi dira edizio honetan: Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Estatu Batuak, Alemania, Herbehereak, Suitza, Portugal, Erresuma Batua, Australia, Irlanda, Hungaria… hamazazpi kontzertutan agortu dira eserlekuak eta zenbakitutako sarrera guztien %99,03 saldu da.
Aurtengo edizioaren kalitate musikala “bikaina” izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, “artista handiak, bertako eta nazioarteko izarrak, hasten ari diren musikariak eta aniztasun estilistiko izugarria” izan dituelako. Jazzaldiaren historian geratuko diren “une gogoangarriak” ere nabarmendu dituzte: Kurt Ellingen ahots paregabea, Dee Dee Bridgewaterren magnetismoa eta sentimendua, hiru kontzertu eskaini zituen Marc Ribot handiaren gitarra erregistro barietatea, Holland eta Potterren perfekzio musikala, Yerai Cortesen pasioa eta duendea, Jamie Cullumen freskotasuna eta sinpatia kutsakorra, The Beach Boys taldearen abesti arrakastatsuen errepertorio paregabea Mike Love buru zutela, Anariren intentsitate poetikoa, Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen Bill Bruford bateria jotzailearen maisutasuna, Minyo Crusadersen benetakotasun dibertigarria eta Bulegoren arrakasta adin guztietako zaletuetan Keler Gunean, besteak beste.
Trinitate Plaza
Steve Coleman & Five Elementsekin hasi ziren Triniko kontzertuak. Kurt Ellingek itxi zuen gaua, bere ahots ikusgarriarekin, The Yellowjackets taldearekin batera, Weather Report omenduz, “edizio honetako kontzertu onenetako bat”, Jazzaldiko antolakuntzak nabarmendu duenez.
Uztailaren 25ean, ostirala, Marc Ribot Hurry Red Telephonek inprobisazioan oinarritutako gitarra kontzertu “errepikaezina” eskaini zuen. Dee Dee Bridgewaterrek Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen bere ibilbide osoagatik, eta jazzeko ahotsik onenetakoa izaten jarraitzen duela erakutsi zuen.
Uztailaren 26an, Brad Mehldauk “teknikoki perfektua, delikatua eta bikaina”, lehen akordetik erakarri zuen publikoa. Ondoren, Dave Holland eta Chris Potterrek Kismet proiektua eskaini zuten, Potter saxoan gorena eta Holland bikain kontrabaxuan.
Uztailaren 27an, azken egunean, Chicuelo – Mezquida Del alma, gitarra eta pianoa maisuki elkartuz aritu ziren. Trinitate plazako kontzertuei amaiera hunkigarria eman zitzaien, Paco de Luciaren omenaldian, Josemi Carmona, Chano Dominguez, Duquende eta Antonio Lizana bezalako izar handiekin osatutako festa flamenkoan.
Kursaal Auditorioa
Maila handiko bost kontzertu izan dira Kursaalen. Lehenengo egunean, Jamie Cullum su eta kartsuak entzuleak bereganatu zituen ikuskizun bikain bati esker. Uztailaren 23an, The Beach Boys arduratu zen publikoa iraganera eramateaz bere “hit” handiekin. 24an, Yerai Cortesen gitarrek liluratu zuten publikoa sei txalo jotzaile eta kantari harrigarriz lagunduta. 25ean, banda bikainaz inguratuta, Hermeto Pascoal Bruxoak bere magia egin zuen. Bertan behera utzi zuen Nala Sinephrok uztailaren 26ko kontzertua, osasun arazoengatik. Eta, amaitzeko, uztailaren 27an, Oscar Petersonen musikaz gozatu ahal izan zen, jaio zenetik 100 urte bete direla ospatzeko kontzertu batean.
Viktoria Eugenia Antzokia
Viktoria Eugenia Antzokiak JazzEñe jaialdiaren hamaikagarren edizioa hartu du. Bosgarren urtez jarraian egin da, Jazzaldiaren baitan, eta egunero jarri dute “sold out” kartela. Antolatzaileen arabera, kalitate handiko zortzi musika proposamenez gozatu ahal izan da bertan: J. Fox, Juanfe Perez, Maite Akustik Quintet, Roman Filiu, EME EME Project, El Cuarteto Federal, Pere Bujosa Trio eta Daniel Roman Jazz Quintet.
Uztailaren 27an, sarrerak agortu zituen Marc Ribotek Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen Miguel Martinen eskutik eta, ondoren, Ceramic Dog taldearekin edizio honetako bere hirugarren eta azken kontzertua eskaini zuen.
Keler Gunea
Zurriola hondartzako Keler Gunea izan da berriro agertokirik jendetsuena (110.000 pertsona). Bertan, uztailaren 23tik 26ra bitartean bi kontzertuz gozatu ahal izan du publikoak egunero.
Uztailaren 23an, Jamie Cullumek Keler Gunea inauguratu zuen eta milaka pertsona joan ziren kontzertuaz disfrutatzera. Ondoren, 23:30ean, The War and Treaty taldearen txanda izan zen; “Tanya eta Michael Trotter-ek, banda handi batek lagunduta, aho zabalik utzi zituzten entzuleak beren ahots indartsu eta presentzia eszeniko ikaragarriarekin”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Uztailaren 24an, Anarik euskal musikako kantautore handienetako bat dela erakutsi zuen. Ondoren, EXTC izan zen, 90eko hamarkadako errepertorio ezagunarekin.
Uztailaren 25a, Judith Hillekin hasi zen, bere “ahots sinestezin eta gitarra boteretsuarekin”. Cristal Murrayk eskaini zuen gaueko bigarren kontzertua, “mundu guztia dantzan jarri zuena”.
26an, Bulegok 32.000 lagun bildu zituen, belaunaldi ezberdinak elkartu zituen kontzertuan euren kantu itsaskorrak abestu eta dantzatzeko. Keler Guneko kontzertuei amaiera emateko, Sidonie kataluniarrek berriro ere beren espazioa aldarrikatu zuten indie musikan.
San Telmo Museoa
San Telmo Museoko klaustroko goizeko bost kontzertuak, aurten ere, “oso aukera berezia” izan dira musikari handiak gertutik ikusteko eta entzuteko, “bakea eta lasaitasuna transmititzen duen espazio batean”.
Lehen hiru kontzertuak piano jotzaile bakarlari handiekin izan ziren: Baptiste Trotignon uztailaren 23an, Bojan Z 24an eta Pierre de Bethmann 25ean. Hilaren 26an, Marc Ribotek erakutsi zuen gitarra akustikoa ere menderatzen duela eta bikaina izateko gai dela erregistro leunetan eta tentsio txikiagokoetan. Kirk Knuffke Quartetek itxi zituen San Telmo Museoko kontzertuak, uztailaren 27an, bere tronpetaren soinu distiratsuarekin, tuba, baxu eta bateria batez lagunduta.
Frigo Gunea, Fnac Gunea, Nauticool eta Chillida Leku
Terrazak eta espazio irekiak berriro ere topagune izan ziren bertako eta nazioarteko artisten doako kontzertuez gozatu zuten milaka lagunentzat. Milaka lagun izan dira Frigo Guneko eta Fnac Guneko terrazetako doako kontzertuetan (37.250). Programazio anitzarekin, tokiko taldeak igo dira agertokietara: Thomas Camille, Biper Swing, Ura Duo, Suite Seda, Eneko Dieguez Quartet, Alma Seben, Velasquartet, Femmm and Band, Soul Cream, La Quinta Planta, Los Diversos, Itziar Yagüe & Paul San Martin, Arima Soull System… Nazioarteko eta estatuko izen handiak ere izan ziren han: Naissam Jalal, Pete Roth Trio featuring Bill Bruford, Patax, Minyo Crusaders, The Amy Winehose Band, Jessie Gordon Quintet, Pianoforte, JazzyBit…
Jazzaldiak sei kontzertu eman ditu Chillida Leku museoan, “musika eta artea uztartzen dituen ingurune paregabean”. Aire zabalean, museoko lorategietan: Bascolombia, Oreka TX eta Phonoclorica elkartuz, Iñaki Salvador eta Marco Mezquida kolonbiarren arteko lotura eta Txikijazz taldearen bi kontzertu. Zabalaga baserri ikusgarrian beste bi kontzertu: Lew Tabackin Quartet eta Jordina Milla & Barry Guy.
Txikijazz
Gainera, Jazzaldian ezinbesteko hitzordua dela erakutsi du Txikijazzak, familiarteko giroan musikara hurbiltzen diren haurrei eskainitako zikloa. Bost kontzertu izan dira hiru agertokitan, eta horietan ere tailerrak eskaini dira: Kutxa Fundazioa Tabakalera Plazan, Chillida Lekun eta Fnac Gunean.
Aurten ere antolatzaileek egindako bertaratze aurreikuspenak gainditu egin direla adierazi dute, batez ere azken egunean Fnac Gunean, non The Amy Winehouse Bandek kontzertu zoragarri bat eskaini baitzuen eta entzule guztiak dantzan jarri zituen giro bikaina sortuz. “Arima Soulek, uztailaren 26an, bere “euskal soul” bizienarekin hasi aurretik Chillida Lekun bota zuen euria ahanztarazi zigun. Aipagarriak dira, halaber, Old School Funky Family talde dibertigarriaren kontzertuak, Irati Bilbaorenak eta Claire Martinenak, beren ahots bikainekin. Kontzertuekin batera, hamahiru Txikijazz jaialdiak oso harrera ona izan zuten tailerrak eskaini zituen”, jakinarazi dute.