20 urtez hiriaren kontakizuna eraikitzen
IRUTXULOKO HITZA hiria den horretan kontatzea eta garaiaren kronika egiteko misioa du. Hiria aldatzen doa, eraldatzen, baina Donostiako errelatoa idazteko dago. Mundu bat dago hirian eta tokikoak mundu bat kontatzen du, mundu osoa tokiko bilakatuz. Kezkak, porrotak, arrakastak, arazoak edota gertakariak, horien kontakizuna egin nahi bada, ikuspegi herrikoi batetik, tokikotik kontatu behar dira. Tokikoak Komunitatea eraikitzen duelako.
Horretarako, ardatz nagusia euskara da, euskalgintzatik jaio baikinen eta hori baita gure oinarria. Mundua tokikotik eta euskaraz kontatu ez ezik, feminismotik, antiarrazismotik, elkartasunetik, ekologismotik eta klase ikuspegitik kontatzen dugu, modu independentean, pluraltasunez eta zintzoki.
Txikitasunetik, hirian eragin nahi dugu, donostiarra izateaz harro egon daitekeela erakusteko, donostiartasun berriak sustatzeko, Donostia guztiak kontatzeko, kontraesanak mahaigaineratzeko eta mundua Donostiatik gorpuzteko. Hori guztia, Komunitatearekin elkarlanean, bakarrik ezin delako.
Ez dugu ulertzen hiria eta mundua kontatzeko beste modurik, herritik ez bada.
Komunitatetik. Tokikotik.
Mundu osoa delako tokikoa.