Altuna III.a eta Rezusta txapeldunak ez dira faltako
Donostia Hiria pilota torneoa abuztuaren 24tik 29ra jokatuko da Atano III.a pilotalekuan. Zortzi bikote ariko dira aurrez aurre.

Gaur goizean aurkeztu dute 2025eko Donostia Hiria pilota torneoa, udaletxean. Abuztuaren 24tik 29ra bitarte egingo da Atano III.a pilotalekuan, eta zortzi bikote ariko dira txapelen lehian. Hain zuzen ere, Altuna III.a eta Rezusta iazko txapeldunak ez dira faltako, eta garaipena errepikatzen ahaleginduko dira.
Torneoak bi finalerdi eta final handi bat izango ditu, biak bi serietan banatuta. Baiko eta Aspe enpresak arduratu dira serie bakoitza zehazteaz. Horrela, abuztuaren 24an lehen finalerdiak jokatuko dira, 16:45etik aurrera, Baikok antolatuta. B seriean ariko dira Zubizarreta III.a – Lizeaga eta Senar – Ugartemendia bikoteak. A seriean, berriz, Artola-Iztueta eta Peña II.a – Imaz.
Bigarren finalerdia abuztuaren 26an izango da, 21:15etik aurrera, Aspek antolatuta. B seriean nor baino nor ariko dira Egiguren V.a – Bikuña eta Salaberria – Gabirondo bikotekideak. Aldiz, A seriean elkarren kontra jokatuko dute Altuna III.a – Rezusta eta Ezkurdia – Zabaleta bikoteek.
Azkenik, finala abuztuaren 29an izango da, 21:15ean. Gogoratu behar da iazko finala aipaturiko Altuna III.a – Rezusta bikoteak irabazi zuela, Laso – Imaz mendean hartuta (22-15).
Sarrerak helbide honetan eskuratu daitezke.