Altzako anbulatorioan igogailu bat eta bi pasabide ipiniko dituzte irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin

Altzako anbulatorioko irisgarritasuna hobetuko duen igogailua eta oinezkoentzako bi pasabide ipiniko ditu udalak. Modu honetara, oinezkoen ibilbide berri bat sortu ahal izango da igogailu batekin, Txirrita Bertsolaria pasealekutik eta Erroteta Azpiko kaletik dagoen 7,5 metroko aldea gainditzeko. Udaleko Gobernu Batzordeak asteartean onartuko duen proiektua da.
Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzi Ane Oiarbidek proiektuaren helburuak azaldu ditu: “Planaren helburua bizilagunen bizi kalitatea hobetzea da, eta, horretarako, hiri espazioa hobetzea eta handitzea, berdeguneak eta azpiegiturak berroneratzea, bizitegi eraikinak birgaitzea edo, kasu honetan, osasun zentroa bezalako ekipamendu garrantzitsu baterako irisgarritasuna hobetzea”.
Hiru geralekuko igogailua jarriko dute, eta honek 2,30 metroko sakonera eta 1,20 metroko zabalera izango ditu gutxienez. Honekin batera, bi pasabide jarriko ipiniko dituzte, hiri inguruneko hainbat puntu lotzeko: beheko pasabideak igogailuaren tarteko geralekua eta topoaren geltokiko ahoaren ondoan dagoen espaloia lotuko ditu. Goiko pasabideak, berriz, aparkalekuaren goiko aldea anbulatorioaren sarrerarekin lotuko du.
Proiektuak 650.000 euroko aurrekontua du eta 2026ko lehen seihilekoan amaitzea aurreikusten dute. “Ekimen honekin, udalak berretsi egiten du mugikortasun unibertsalarekin eta Altza auzoko espazio publikoen hobekuntzarekin duen konpromisoa, duela urte batzuetatik atzemandako behar bati erantzunez”, azpimarratu du zinegotziak.