Jazza, bluesa, flamenkoa eta berriz jazza, dena egun berean
Jazza baino askoz gehiago ikus daiteke urtero Donostiako Jazzaldian, eta horren erakusle izan zen aurtengo jaialdiko azken eguna: Kirk Knuffke, Paul San Martin eta Itziar Yague, Chicuelo eta Marco Mezquida eta Paco de Lucia Legacy.

Ahal izanez gero, merezi izaten du Jazzaldiak goizetan San Telmo museoko klaustroan programatu ohi dituen kontzertuetara joatea, beste inon sortzen ez den giro berezia sortu ohi delako eta eguna hasteko modu aproposa direlako. Ezohiko agertoki batean eta ezohiko ordu batean ezohiko musika proposamen bat ikustea, alegia. Igandekoa, gainera, are ezohikoagoa izan zen, piano saioak antolatu ohi baitituzte bertan, baina, igandekoa laukote bat izan zen: Kirk Knuffke kornetan, Bill Goodwin baterian, Stomu Takeishi baxua eta Bob Stewart tuban.
Ezohikoa bezain aparta izan zen emanaldia, Donostian soilik Jazzaldian ikus daitezkeen horietakoa. Oso jazz atsegina jo zuen laukoteak, tarteka New Orleansko doinuak gogoratzen zituena eta tarteka kaotikoa zirudiena, baina, jazz musikari onak diren heinean, ustezko kaos hori erraz ordenatu eta abesti eder bilakatzen zuen laukoteak.

Kirk Knuffke Quartet laukoteak Jazzaldiko igande goiza girotu zuen San Telmo museoko klaustroan.Lolo Vasco/Jazzaldia
Oso emanaldi instrumentala izan zen, jazz kutsu handikoa, baina nabarmentzekoa da pieza batzuetan abestu ere egin zuela Knuffkek, mikrofonorik gabe. Anplifikaziorik ez edukitze horrek eta laukotearen doinuek, klaustroko akustika berezi horrekin konbinatuta, AEBetako hegoaldeko lan abestiak gogorarazi zituzten tarteka, hain zuzen ere, jazzaren, bluesaren eta ondoren etorri zen guztiaren oinarrian daudenak.
Jatorrira, Bessie Smith gogoratuz
Knuffkeren laukotea ikusi eta atseden hartu ostean, 60. Jazzaldiko azken eguna ondo aprobetxatzeko, Kursaaleko terrazetatik pasatu beharra zegoen, doako kontzertu eskaintzan ere talde interesgarri ugari egoten baitira urtero. Hain zuzen ere, lasai asko Trinitate plazan egon daitekeen bikote batek jo zuen arratsaldean Frigo gunean: Paul San Martin pianista donostiarrak eta Itziar Yague abeslari gasteiztarrak.

Paul San Martin pianistak eta Itziar Yague abeslariak Bessie Smith omendu zuten Jazzaldiko Frigo gunean.Lolo Vasco/Jazzaldia
Bikoteak Bessie Smithen omenezko disko bat argitaratu du berriki, eta Bluesaren enperatriza ezizenez ere ezaguna den abeslari historiko horren errepertorioa jo zuten Erizainen plazako agertokian. 1920ko eta 1930eko hamarkadan, blues abeslari arrakastatsuenetako bat izan zen Smith, ondoren etorri ziren askorentzat erreferente, bluesak eta jazzak antz handia zuten garaian, hain zuzen ere. Hamaika musika estilotan horrenbesteko eragina izan duten bi estilo horien ondorengo garapenaren oinarriak ezarri zirenean.
Horrela, haren errepertorioaren errepaso bikaina eskaini zuen bikoteak pianoan eta ahotsean: Need a Little Sugar in My Bowl, Nobody Knows You When You’re Down and Out eta Oh Daddy Blues, besteak beste. Musikari bikainez disfrutatzeko eta musikaz ikasteko emanaldi aparta.
Jazza eta flamenkoa, ixten hasteko
Zer modu hobe 60. Jazzaldia ixteko, jaialdiaren esentzia gordetzen duen Trinitate plazako aurtengo azken saiora joatea baino. Jazza ez ezik, flamenkoa ere izan zuen hizpide atzoko gauak agertoki enblematiko horretan, euriak ere zapuztu ez zuen gau batean; ez alferrik, pontxoak dira Trinitate plazako kontzertuetako klasikoetako bat.

Marco Mezquida pianistak, Chicuelo gitarristak eta Paco de Mode perkusio jotzaileak ireki zuten Jazzaldiko igandeko gaua Trinitate plazan, kontzertu aparta batekin.Lolo Vasco/Jazzaldia
Marco Mezquida pianistak, Juan Gomez Chicuelo gitarristak eta Paco de Mode perkusio jotzaileak ireki zuten gaua, Mezquidak eta Chicuelok elkarrekin argitaratu duten hirugarren diskoa aurkezteko: Del alma. Aurrekoetan bezala, flamenkoa eta jazza uztartu dituzte lan horretan, baita bikain uztartu ere.
Chicueloren gitarra flamenko zorrotzarekin eta Mezquidaren pianoa jotzeko modu berezi horrekin —jazz doinuak bestelako doinuekin tartekatuz eta teklak ez ezik sokak ere harpa baten moduan joz batzuetan—, De Moderen perkusio oinarri finarekin, flamenko baino jazz zaleagoak garenontzat zein jazz baino flamenko zaleagoak direnentzat kontzertu ederra eman zuten, estilo bakoitzeko dosi nahikoa eskainiz, batzuetan bat nabarmenduz eta besteetan bestea. Najando, Carrer del perill eta De seda y miel-en moduko abestiak jo zituen hirukoteak, euriaren gainetik, Trinitate plaza osoaren atentzioa bereganatuz.
Bereziki nabarmentzekoa da El faro de los deseos abestia interpretatu zuten unea, musikalki bikaina ez ezik, kutsu aldarrikatzaile handiko pieza baita. Palestinaren aldeko mezu indartsuekin aurkeztu zuen kanta Mezquidak, baita herritarrak maila pertsonalean genozidioari aurre egitera deituz ere. “Askatasuna Palestinako herriarentzat”, oihukatu zuen pianoan eseri aurretik.

Paco de Lucia Legacy proiektua aurkeztu zuten Paco de Luciarekin jo zuten hainbat musikarik Jazzaldian, Trinitate plazan.Lolo Vasco/Jazzaldia
Omenaldi eder bat, amaitzeko
Paco de Lucia Legacy proiektua, gitarrista flamenko historikoarekin jo zuten hainbat musikarik osatutakoa, igo zen jarraian Trinitate plazako oholtzara —De Lucia bera 1987an aritu zen Jazzaldian—, flamenkoaren historia aldatu zuen gizonaren legatua goraipatzera.
Hasieratik, musikariak oholtzara igo ziren unetik plazan entzun ziren oihuengatik, nabaritzen zen flamenko zale amorratuz beteta zegoela plazan, eta, hain zuzen ere, haiek disfrutatzeko moduko kontzertua eman zuen taldeak. Doinu flamenko oso markatuekin hasi zuten kontzertua musikariek, Alain Perezen baxuaren eta Israel Suarez Piraña-ren perkusioaren gidaritzapean eta Antonio Rey eta Antonio Sanchezen gitarra zorrotzekin.

Flamenko eta jazz gaua ez ezik, euri gaua ere izan zen Jazzaldiko igandekoa Trinitate plazan.Lolo Vasco/Jazzaldia
Kontzertuaren lehenengo ordu erdia esku zartak ematen eta zati batzuk kantatzen pasatu zituen Farru dantzaria zutik jarri eta oholtzaren aurrealdera joan zenean heldu zen gaueko une gogoangarrienetako bat. Bere takoien hotsak eta dantzak gidatu baitzuen abesti luze zein bikain bat, jazz zein flamenko zaleek gozatzekoa; gogoratzeko Jazzaldiko une horietako bat.
Horren ondoren etorri ziren bakarkako beste bizpahiru abesti, zein baino zein ederragoa: Josemi Carmonak gitarran jotakoa eta Chano Dominguezek pianoan jotakoa, esaterako. Azken horretan, emanaldi horretan lehenengo aldiz, jazz doinu errekonozigarriak entzun ziren, jazz zaleren bat oraindik ez bazegoen kontzertuan guztiz sartuta, erabat sar zedin. Antonio Lizana oholtzan agertu zen jarraian, jazza eta flamenkoa uztartzen jarraitzeko: bere saxofoiak, Dominguezen pianoarekin batera, “jazz” zioen, baina bere ahotsak “flamenko”.

Farru dantzariak eskaini zuen Jazzaldiko igandeko gaueko une gogoangarrienetako bat Trinitate plazan.Lolo Vasco/Jazzaldia

Paco de Lucia Legacy proiektua aurkeztu zuten Paco de Luciarekin jo zuten hainbat musikarik Jazzaldian, Trinitate plazan.Lolo Vasco/Jazzaldia
Musikari guzti-guztiek elkarrekin joz itxi zuten emanaldia —musikarien eta teknikoen arteko keinuak ikusita, soinu arazo teknikoren bat zegoen agertoki barruan, baina kanpotik bikain entzuten zen—, bakoitzak luzitzeko tartea edukita, flamenkoa eta jazza ederki uztartuz eta Paco de Luciari merezi duen omenaldia eskainiz. Trinitate plazan gehiengoa ziren flamenko zaleentzat gozamenerako kontzertua izan zen, baina baita lerrook idatzi dituen blues eta jazz zale honentzat ere; Jazzaldiak une gogoangarriak sortzen jarraitzen du.