Oroitzapen bilduma zabaltzeko hamaika aukera dakartza Aste Nagusiak
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak eta Amara Berri Auzo Elkarteak 'Artillero' abestuta, publiko guztiei zuzendutako jarduera-egitarau zabalari hasiera emango zaio.

Hasi da aurtengo Aste Nagusirako atzera kontaketa. Dozena bat egun besterik ez da falta aurten goiz datozen festetarako, abuztuaren 9tik 16ra bitartean luzatuko da, eta Ulia-Ategorrietako Mintegian eman du prestatutakoaren berri udalak. Donostia Kultura Festak atalaren bitartez, jarduera eskaintza zabala atondu du, guztira, 387 ekitaldi aurrera eramango baitituzte hiriko 34 lekutan. Eneko Goia alkatearen esanetan, kartelak islatu moduan, adin guztietako herritarrek dute bere lekua eskaintzan, “guztiek dute gozatzeko aukera”.
Ez du udalak bere kabuz antolatu, ordea, kultur eta kirol arloko ia 2.400 profesionalek parte hartuko dute, boluntarioz gain. Hain zuzen ere, beren ekarpena egiten duten babesleak, elkarteak eta eragileak gogoan izan ditu Eneko Goia alkateak bere hitzartzean: “Zuengatik ez balitz, seguru aski, ez genuke Aste Nagusirik izango. Edo, are gehiago esango nuke: Ez balitz zuengatik, seguru aski, Aste Nagusiak ez luke pena mereziko”.
Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzi Jon Insaustik xehatu du egitaraua, kartelaren irudiari helduta. Izan ere, urte batetik bestera hori baita Aste Nagusiak uzten duena: “momentuak, irudiak, argazkiak, emozio bilduma bat, album bat”. Ez da salbuespena izango iristear dena, eta zenbait adierazgarri erabili ditu bere nolakotasuna deskribatzeko: Ikonikoa, berritzailea, aktiboa, zapore onekoa eta borobila.
Ikoniko egingo dute betiko zenbait klasikok: txistulariak, Plaza Berriko emanaldiak, salbea, Urrezko kopa, herri kirolak, barrakak… Nola ez, jaiei “era tradizionalean” emango diete, kainoikadarekin, alegia. 19:00ak baino minutu batzuk lehenago, udal ordezkariekin batera Artilleroa abestuko dutenak Gipuzkoako Elikagaien Bankuko eta Amara Berriko Auzo Elkarteko kideak izango dira. Lehenengoek, Herritar Merezimendu domina jaso zuten urte hasieran, eta bigarrenak, berriz, udalaren asmoa irudikatzen duela nabarmendu du zinegotziak, hirirantz jaiak zabaltzea elkarteekin bat egitea. Izan ere, astean zehar auzoan zenbait jarduera antolatzeko egindako lana eskertu nahi baitiote. Bi eragileetako ordezkariak eskertuta agertu dira aukerarekin eta entsegurik egin ez badute ere, abestiaren hitzak ikasten eta errepasatzen hasi direla aitortu dute.
Betikoak eta berriak
Aste Nagusia gorpuzten duten ikur horiek ez dute hutsik egingo, baina berritasunak ere ez dira faltako. Esaterako, aurkezpenerako aukeratu duten lekuan bertan Dantz Point egitasmoa egingo dute abuztuaren 14an. Musika elektronikoa eta abangoardiako eta natura uztatzen dituen eskaintza laugarrenez izango da Aste Nagusian. Jokin Telleria arduradunak nabarmendu du asmoen artean, espazioak ezagutaraztea, iraunkortasuna eta guneen babesa kontuan hartuta; eta musika elektronikoaz egunez gozatzeko aukera ematea daudela. “Gainera, bertako musikariekin”, gehitu du.
Musikari lotutako beste berrikuntzetako bat, Urumean barrena egingo duten kanoan bidaia musikatu da. Iker Lauroba arituko da kantuan, natura eta musika uztatuz. Horrez gain, Itzurun erraldoi konpartsak eta Lleidako Castellers taldeak ikuskizun bateratua aurrera eramango dute abuztuaren 15an. 11:00etan erraldoien konpartsa Abuztuaren 31 kaletik abiatuko da, eta aldi berean, castellers taldea Kontxako erlojuetatik. 11:45ean Alderdi Ederren elkartuko dira eta ikuskizun bateratua gauzatuko dute. Ondoren, guztiak elkarrekin joango dira Plaza Berrira eta emanaldi bateratua egingo dute 14:00etan.
Agur berezia
Aktiboa izango da zenbait kirol jarduera ugari baitaude aukeran: boleibola, arrauna, arrantza txapelketa eta ibaia garbitzeko egitasmoa, besteak beste.
Zapore ona, aldiz, bost gastronomia txapelketek jarriko dute. Sukaldatu J&J: jangarri eta jasangarri goiburua. Bertan, bereziki kontuan hartuko dute lehiaketa bakoitzeko platerak egiteko aukeratutako osagaiak ahalik eta gehien aprobetxatzea. Lehiaketak abuztuaren 12an, asteartean, hasiko dira, eta parte hartzaileek paella, begihaundia tintan, legatza saltsa berdean eta marmitakoa egiteko trebetasuna erakutsi ahal izango dute. Gainera, ez da faltako Etxekoekin sukaldean lehiaketa gastronomikoa, hain zuzen ere, arrakasta handia izaten duen lehiaketa.
Eta dena borobiltzeko, amaierako ikuskizun piromusikal berezia, Agur Erraldoia eta Agur Asteari. Ikuskizun piromusikalak aurten hiru zuzeneko esku hartze musikal izango ditu, hain zuzen ere, Izaro, Janus Lester eta Joselontxos Txarangarena. Jarraian, badiaren gainean laser ikuskizun bat egingo dute, DJ emanaldi batekin.
Bestalde, iaz bezala, haurrentzako barrakak Gipuzkoa plazan jarriko dituzte eta Pasealeku Berriko barraken gunea moduan, abuztuaren 8tik 18ra egongo dira irekita. Lehendabiziko eta azken egunetan prezio herrikoiak egongo dira. Halaber, barraken guneek musika kenduko dute zortzi orduz, autismoa duten pertsonek barrakekin ere gozatzeko aukera izan dezaten. Abuztuaren 8an, 13an, 15ean eta 18an, 16:30etik 18:30era bitartean izango da.