Altzak bere historiari buruzko horma irudia izango du

Altzako historia kontatuko duen horma irudia margotzen ari da Nextor Otaño Nexgraff artista. Duela urte batzuk, Altzako Historia Mintegiak dibulgazio lan handia egin zuen. Esaterako, 2016an Altza denboraren joan-etorrian liburuxka argitaratu zuten, Altzako historia kontatu eta ikastetxeetan banatzeko. Ordutik, denbora pasatu da, eta “tamalez” oraindik auzoko biztanle gehienek historiako pasarte esanguratsuenak ez dituzte ezagutzen.
Horregatik, Altza Apain street art topaketa auzora heldu zenean, artea eta historia bat egiteko aukera aproposa horma irudia margotzea izango zela pentsatu zuten. Ekialdeko Barrutia horma irudia egitearen bultzatzaile nagusia izan zen. Izan ere, historiako pasarte esanguratsuenak jendeari modu artistikoan helaraztea ideia ona izango zela iruditu zitzaion barrutiari. Geroago, Otaño grafiti margolariarekin harremanetan jarri ziren, eta azken hilabeteotan horma irudia margotzen ari da Harri Berri-Oleta ikastetxearen azpialdean.
Horma irudiak Altzako sorreratik gaur egunera bitarteko momentuak islatuko ditu. Historiaurretik hasiko da, ondoren, antzinaroan erromatarrak agertuko dira. Gainera, Otañok euskaraz dauden lehenengo idatziak margotuko ditu, euskarari “keinu polita” egiteko. Amaitzeko, Korrikaren irudia ipiniko du euskara gaur egun galdu ez dela azpimarratzeko. Artelana aste honetan amaitzeko intentzioa du Otañok.