Donostia tentsio handiko eremu izendatzea «ez da nahikoa»
Eneko Goia alkateak, EH Bilduk eta Kaleratzeak Stop plataformak uste dute izendapenaz gain, beste neurri batzuk hartu behar direla.

Estatuko Aldizkari Ofizialean Donostia tentsio handiko eremu gisa agertzen da gaurtik aurrera, eta horrek erreakzioak sortu ditu politikarien eta hainbat eragileren artean. Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak Loiolako agerraldian adierazi duenez, gaurtik aurrera Etxebizitzen Alokairurako Erreferentzia Indizeak (Irab) ezarriko du kontratuek izan dezaketen gehieneko hazkundea. Gutxiengo kasu batzuk —edukitzaile handien jabetzakoak, lehen aldiz alokairura ateratzen direnak edo bost urtez alokairuaren merkatutik kanpo egon direnak—, oraindik martxan ez dagoen beste indize batek arautuko ditu, baina irailaren amaieran erreferentziazko prezioen indizea argitaratu ahal izatea aurreikusten dute. Indize horrek balio izango du “lehenago alokairuan egon ez direlako erreferentziarik ez duten etxebizitzen prezioa objektibatzeko”, Itxasoren arabera.
Sailburuak gogorarazi duenez, Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den etxebizitzaren arloko premiazko neurriei buruzko legeak “zehapen araubide bat ezarriko du tentsioan dagoen eremua betetzen ez duten jabeentzat, alokairua handitzeko mugak ez errespetatzeagatik edo Euskadiko tentsio handiko guneetan etxebizitza turistikoak jartzeagatik”.
Bere aldetik, Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu du, hiria alokairu prezioetarako tentsio handiko eremutzat jotzea “urrats egokia” dela, “baina ez nahikoa” etxebizitza eskuratzeko arazoa arintzeko. “Horrek etxebizitza babestuetan askoz esku hartze gehiago behar ditu, eta horiek ari gara aurrera eramaten”, adierazi du.
Donostiako EH Bilduk ere uste du adierazpen hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea “ez dela nahikoa”, neurriak eraginkorrak izatea ahalbidetuko luketen erreferentzia indizeak falta baitira. “EH Bilduren aburuz gehiegi luzatu den prozesu honetan aurrera egin genezake, dudarik gabe, alokairuaren prezioa mugatuz. Beraz, EH Bildutik, Eusko Jaurlaritzari eta Etxebizitza sailburuari eskatzen diegu ez dezatela egun bat gehiago ere pasatzen utzi”, nabarmendu dute.
Era berean, Goia alkatea interpelatu dute Gasteizko Legebiltzarrak onartutako Etxebizitza Legean (2015) eta Espainiako Kongresuko Etxebizitza Legean (2023) jasota dauden “neurri guztiak” aktiba ditzan, “horretarako beharrezko urratsak emanez”. “Besteak beste, gaur egun hirian hutsik dauden etxebizitzak mugiarazi eta merkatura ateratzeko, eta legez etxebizitza huts edo okupatu gabetzat jotzeko baldintzak betetzen dituzten etxebizitza guztiak Eusko Jaurlaritzaren erregistroan inskribatzeko”, eskatu du EH Bilduk.
Prezioen indizea argitaratzeko eskaria
Kaleratzeak Stop plataformak salatu du sei hilabete daramatzatela zain euskal erakundeek etxebizitzaren legea bete dezaten. Donostia tentsio handiko eremu izendatu ostean, Gipuzkoan izendapen hori duten udalerrien zerrendara batu da, Errenteria, Irun, Lasarte-Oria eta Zumaiaren atzetik. Hala ere, prezioen indizea argitaratuta ez dagoenez, Kaleratzeak Stopek adierazi du udalerri horietan ezin dituztela mugatu edukitzaile handien alokairuaren prezioak. “Batez ere putre funtsek eta edukitzailek handiek Donostian dituzten 3.000 etxebizitza baino gehiagoren alokairua”, zehaztu dute. Horien artean, plataformaren aburuz, aipatzekoak dira Azoraren 320 etxebizitzak edo Benta Berriko 520 babes ofizialeko etxeak, Testa Socimi-Blackstoneren esku daudenak.
Prezioen indizea atzeratzearen onuradunak “espekulatzaile handiak eta txikiak” direla nabarmendu du plataformak, “bizitegi erabilerarako etxebizitzak mozkin handienak lortzeko finantza produktu bihurtu dituztenak”. Aldiz, galtzaileak “errenta ertain eta baxuak” dituzten milaka gipuzkoar direla adierazi dute, eta ezin dituztela ordaindu beren diru sarreren %50 baino gehiagoren truke eskaintzen dizkieten “alokairu eskuraezinak”.