Donostiak %48 gutxitu ditu berotegi efektuko gasen isuriak

Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, hiriak emaitza klimatiko onenak izan zituen 2023an. Horrekin batera, nabarmendu dute Donostiak %48 murriztu dituela berotegi efektuko gasen isuriak. 2005az geroztik kalkulatzen dute berotegi efektuko gasen isurien inbentarioa. Azken urteetako datuak kontua hartuta, udalak “bilakaera positiboa” dela baieztatu du: udalerriak, 2022an, 553.676 tona CO2 isuri zituen guztira, eta 2023an, berriz, 505.535 tona.
Ingurumeneko zinegotzi Iñigo Garciak datuen azterketa egin du: “Datu hauek, 2018an hasi zen, beheranzko joera indartzen dute eta argi uzten dute hobekuntza ez dela bakarrik pandemiaren moduko egoeren emaitza, baizik eta gure hirian egin ditugun eraldaketa sakonena”.
Donostian isuri gehien eragiten duen sektorea garraioa da: 2023an jario guztien bi heren hortik etorri ziren. Zerbitzuen sektoreak, aldiz, isuri guztien %17a hartzen du. Hala ere, bi sektore hauek %36 eta %49ko jaitsiera izan dute 2007tik.
“Klimatikoki arduratsua den hiria lortzeko herritar guztien lankidetza aktiboa behar dugu. Donostia jasangarria eraikitzea guztion zeregina da, eta datuek argi adierazten dute bide onetik goazela”, adierazi du zinegotziak. Izan ere, hurrengo urteetan, udalak garraioaren eremuko ekintzak areagotu nahi ditu, garraio publikoa, mugikortasun aktiboa eta gehien kutsatzen duten ibilgailuak pixkanaka ordezkatzea helburu dituzten estrategien bidez.