Euskara Zerbitzuak 50.000 euro bideratuko ditu auzoetan euskara sustatzeko

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 50.000 euroko diru laguntza emango die hiriko auzoetan euskara sustatzeko lanean ari diren irabazi asmorik gabeko elkarteei. Urte osoan jarduerak antolatzen dituzten euskara batzordeentzat 46.475 euro bideratuko ditu, eta beste 3.525 euro banatuko ditu Gau Beltza eta Euskararen Eguna antola ditzaten euskara batzorderik ez dagoen auzoetan.
Euskara batzordeak hamaika auzoetan (Aieten, Altzan, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Egian, Grosen, Intxaurrondon, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean) eratuta daude eta urte osoko jardunari aurre egiteko diru laguntza emango zaie. Batzorde horietan osaketa askotarikoa izaten da, auzo bakoitzeko errealitatearen araberakoa.
Auzoko euskara elkarteek, auzo elkarteek, kultur eragileek, euskaltegiek, eskolek, guraso eta gazte taldek, kirol elkarteek edota euskara sustatu nahi duten norbanakoek osatzen dituzte gehienetan batzorde horiek. Bertan parte hartzen duten guztiak doan aritzen dira eta emandako diru laguntza ekintzak aurrera eramateko erabiltzen da.
Euskara Zerbitzuak eman dituen diru laguntzak auzoz auzo:
- Aieteko euskara batzordea (Aiete): 4.734,63 euro.
- Bizarrain kultur taldea (Altza): 5.057,29 euro.
- Berritsu euskara elkartea (Amara Berri): 6.905,55 euro.
- Jakingura Jakintza guraso elkartea (Antigua): 4.868,24 euro.
- Añorga Kultur eta Kirol Elkartea (Añorga): 2.413,29 euro.
- Kriseilu kultur elkartea (Egia): 5.321,62 euro.
- Hondarpe auzo elkartea (Gros): 4.645,77 euro.
- Plazara Goaz euskara batzordea (Intxaurrondo): 2.083,77 euro.
- Erribertxo kultur elkartea (Loiolako Erribera): 3.335,67 euro.
- Sarroeta auzo elkartea (Martutene): 2.334,72 euro.
- Kai-Harripe euskara batzordea (Parte Zaharra): 4.744,65 euro.
Udaleko Euskara Zerbitzuak hiriko euskararen normalizaziorako Euskararen Plan Orokorra du indarrean. Plan hori gauzatzeko auzoz auzo eragitea garrantzitsua da. Hori dela eta, euskara batzorde bakoitzak bere Auzoko Plan Integrala diseinatua du, estrategia eta ekintzak auzoen berezko ezaugarrietara hurbildu eta egokitzeko.
Horrez gain, Euskara Batzorderik ez dagoen auzoetan, Euskara Zerbitzuak 3.525 euro bideratuko ditu Gau Beltza edota Euskararen Eguna Ibaetan, Amaran eta Loiolan antolatzeko. Bestalde, udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak beste 10.260 euro bideratzea onartu du euskara normalizatzeko helburuarekin zenbait irabazi asmorik gabeko elkarteren proiektuak diruz laguntzeko.