Lorategi Hirian 98 etxebizitza babestu eraikitzeko akordioa sinatu dute Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak

Loiolako Lorategi Hirian 98 etxebizitza babestu sustatzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak. Hain zuzen ere, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Eneko Goia Donostiako alkatea Loiolan izan dira gaur, eta eremu horretan babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza hori aktibatzeko bi udal partzela (laugarrena eta bosgarrena) doan lagatzeko akordioa sinatu dute.
Eragiketa Visesa sozietate publikoaren bidez egituratuko da, bere 2026ko Programa Kontratuan jaso duenez: araubide orokorreko babes ofizialeko 63 etxebizitza eta araubide autonomikoko 35 etxebizitza tasatu. Laugarren eta bosgarren partzelek 2.700 metro koadroko azalera dute guztira, eta Lorategi Hiriko hirigintza garapenaren erdialdean daude. Sustapen honen obra 2026aren erdialdean hastea aurreikusten dute, Loiolako Erriberako zuzkidura bizitokiak eraikitzen hastearekin batera.
“Gaurko sinadura hau elkarlan luze baten puntu zehatz bezala kokatzen da; ez delako bakarra, baizik eta beste hainbat gunetan lanean dihardugulako gehien kezkatzen gaituen gai horri erantzun egokia ematen saiatzeko Jaurlaritzaren eta udalaren artean”, nabarmendu du Goiak agerraldian. Bere aldetik, Itxasok nabarmendu du 2026a Etxebizitza departamentuaren ikuspegitik “oso urte garrantzitsua” izango dela Donostian. “Izan ere, gure asmoa da Lorategi Hirian obrak hasi ahal izatea; baita ere zuzkidura bizitokiak, 83 konkretuki, Loiolako Erriberan hasi ahal izatea; bestalde, Txomiñeneko lehen faseko etxebizitza kooperatiboek bukatuta egon beharko lukete, eta laugarren mugarria datorren urtean Martuteneko kartzela eraisten hasi eta bukatzea da. Horrela, Txomiñeneko bigarren fasean sartuko ginateke 2027ra begira”, azaldu du Itxasok.
Jaurlaritzaren eta udalaren arteko elkarlana
Sailburuak lau printzipio azaleratu ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren arteko elkarlan ildo berri honetan. Lehenik, lurzoru publikoak “interes orokorraren zerbitzura” egon behar duela adierazi du. Bigarrenik, alokairuko etxebizitza publikoa “gizarte kohesiorako funtsezko tresna” dela nabarmendu du, “batez ere, Donostian”. Hirugarrenik, erakundeek “anbizioz, plangintzaz eta erabakitasunez” erantzun behar diela une honetan daukagun “etxebizitza eskasiaren arazoari”, eta laugarrenik, Donostian “lurzoruaren tramitazioa arintzeko” martxan dutela lege berri bat, zeinaren bidez Donostiak eta EAEko gainerako hiriek baliatu ahal izango duten araudi berri bat “hirigintzaren tramitazioa bizkortu ahal izateko”.
“Ezinbestekoa da tramitazio horiek guztiak bizkortzea, ezinbestekoa da lurzoruak izatea, ezinbestekoa da kontratazioa ere bizkortzea eta ezinbestekoa izango da, baita ere, eraikuntza prozesua industrializazioaren bidez ere bizkortzea”, adierazi du Itxasok.
Nabarmendu dutenez, Eusko Jaurlaritzak “lehentasuna” eman dio jarduera honi, Donostiak duen bizitegi testuinguru “konplexuagatik”, batez ere “gazteek eta klase ertaineko herritarrek etxebizitza eskuragarria izateari dagokionez”. Horrela, Etxebizitza sailaren hedapenak 500 etxebizitza aurreikusten ditu Easoko trenbidearen eremuan, 400 Txomiñeneko bigarren fasean, 83 zuzkidura bizitoki Loiolako Erriberan, 98 Martutenen eta beste 180 Morlansen, gaur iragarritako Lorategi Hiriko 98 etxebizitzez gain.
Lorategi Hiriak 264 etxebizitza izango ditu, eta horien %40 babestuak izango dira.