Sail Ofizialean lehiatuko diren beste lau film ezagutarazi ditu Zinemaldiak

Arnaud Desplechin, Kentaro Hirase eta Yutaro Seki, Agnieszka Holland, Milagros Mumenthaler eta Alice Winocour zinemagileen film berriak lehiatuko dira 73. Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko. Irailaren 19tik 27ra bitartean luzatuko den jaialdiko Sail Ofizialen parte hartuko dute, beraz, hilaren 11n ezagutarazi zituzten Estatuko lau ekoizpenekin batera: Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Maspalomas, Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos, Jose Luis Guerinen Historia del buen valle eta Alberto Rodriguezen Los tigres. Edonola, antolatzaileek ezagutarazi dutenez, datozen asteetan jakinaraziko dituzte Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmen izenak.
Bere lanak hirutan Zinemaldiaren beste atal batzuetan ikusteko aukera izan bada ere, Arnaud Desplechin (Roubaix, 1960) zinemagile frantziarra lehenengoz lehiatuko da Sail Ofizilean, Deux pianos lanarekin. Filmak Lyonera, sorlekura, bueltatu eta ezinezko maitasun istorio bat bizi duen pianista bat du protagonista. Lehen aldia du ere Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) eta Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) zinemagile bikoteak. Beraien bigarren film luzea ekarriko dute, Japonian ekoitzitako SAI. Kontakizun ilun honetan gizon misteriotsu bat tragikoki agertuko da zenbait pertsonaren bizitzan, nortasun bat baino gehiagorekin.
Urrezko Maskorra lortzeko hirugarren aukera izango du Agnieszka Holland (Varsovia, 1948) poloniarrak; Milagros Mumenthaler (Cordoba, 1977) argentinarrak, aldiz, estreinakoa. Lehenengoak, Franz Kafka idazlearen bizitza kontatzen duen Franz ondu du; bigarrenak, berriz, Las corrientes, ustez atzean utzita zuen iraganarekin borrokatu beharko duen emakume baten istorioa.
Errepikatuko duen beste bat Alice Winocour (Paris, 1976) da, Couture bosgarren filmarekin. Modaren munduan girotua, eta Angelina Jolie eta Louis Garrel ditu protagonista.