Aldundiak bakearen aldeko uso zuri bat jarriko du fatxadan

Gipuzkoako Aldundiak Gazan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa larriak salatu eta bakearen aldeko konpromiso irmoa agertu du. Horrela, nazioarteko erakundeei eskatu diete premiaz eta erabakitasunez joka dezatela larrialdi humanitarioari aurre egiteko. Jarrera horren ikur gisa, Irune Berasaluze foru bozeramaileak iragarri du uso zuri baten sinboloa jarriko dutela Foru Jauregiaren fatxadan, “Gipuzkoak bere tokikotasunetik mundu bidezkoagoa, seguruagoa eta gizatiarragoa eraikitzen laguntzeko duen borondatearen adierazle”.
Berasaluzek, gainera, munduko edozein lekutan giza sufrimenduarekin Gipuzkoak duen sentsibilitatea gogoratu du. “Gure gizartea biktimen alde egon da beti, dela Ukrainan, dela Sirian, dela Afrikan, dela, orain bezala, Gazan. Uso zuriak bakearen, giza duintasunaren eta pertsona guztien eskubideetan oinarritutako bizikidetzaren aldeko konpromiso kolektibo hori adierazten du ”.
Onartutako adierazpenean, Aldundiak irmo gaitzesten du bai Israelgo Estatua Palestinako biztanleria zibilaren aurka egiten ari den genozidioa, bai Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako eraso bortitza. Era berean, Israelgo Gobernuari dei egiten dio Gazan dituen operazio militarrak geldi ditzan, eta berehalako su-eten humanitarioa, baldintzarik gabekoa eta iraunkorra eskatzen du. Hamasen esku dauden bahitu guztiak berehala eta baldintzarik gabe askatzea eta zerrendan Nazio Batuen Erakundeak koordinatutako laguntza humanitarioa premiaz sartzea eskatzen du, biztanleria zibilak oinarrizko zerbitzuak eta bizirauteko bitartekoak eskura izatea bermatzeko.