Egiako parkeari buruzko liburu bana oparitu diete Donostiako Udaleko 27 zinegotziei
Parkea Bizirik elkarte naturazaleak Glad is the Day jaialdia bertan behera uzteko eskaera berretsi du.

Dagoeneko hogei eragilek bat egin dute Glad is the Day jaialdia Egiako parkean egin ez dadin eskatzeko. Hain zuzen ere, igandean, abuztuaren 3an, egingo dute, eta bertan behera uzteko eskaera berretsi du Parkea Bizirik elkarte naturazaleak. Parkearen ingurumenean “kalte larriak” eragiten dituela diote, eta han bizi diren animaliak “izutu eta parketik uxatzen” dituela.
Hori dela eta, udaletxean egindako erregistro baten bidez, Kristina Enea – Gladys Parkea. Historia – Flora – Fauna liburuaren ale bana oparitu diete Donostiako Udaleko 27 zinegotziei. “Hamar urtez boluntariotza naturazaletik idatzitako liburua da”, azaldu dute. Liburuarekin batera, jaialdia Egiako parkean ez egiteko eskaera helarazi diete.
“Opari honen bidez ez dugu inolako konfrontaziorik islatu nahi; ez udal gobernuarekin, ezta oposizioarekin ere (azken honek ere ez digu idatzi edo deitu). Guztiz kontrakoa nahi dugu. Bioaniztasuna ideologiak gainditzen dituen zeharkako gaia da; legea betetzea baino ez dagokio: Natura kontserbatzea eta zaintzea, besterik ez”, azaldu du elkarteak.
Glad is the Day jaialdia Egiako parkearen “kontrako erasoa” dela dio Parkea Bizirikek: “Bertan behera utzi nahi dugu, parkea babesturiko gune bat delako, flora eta fauna espezie babestuak ere badituena. Gogora dezagun, argitaratutako datuen arabera, iazko abuztuaren 4an 25.000 pertsona inguruko erasoan parte hartu zutela, parkeari kalte izugarria eta faunarengan efektu larria eragin zituela. Utz diezaiogun Parkeari bizitzen, utz diezaiogun jendea alkoholizatzeari, sor dezagun boluntariotzan oinarrituta parkearen aldeko patronatu bat eta goza dezagun hamaika aldiz hobea den mundu bat eraikitzen”.