Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kalean duten presentzia areagotuko dute Aste Nagusian

Abuztuaren 9an hasiko den Donostiako Aste Nagusiari begira, Segurtasuna Koordinatzeko Batzordearen bilera egin dute gaur goizean, udaletxean. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Eneko Goia alkateak eta Martin Ibabe Segurtasun zinegotziak parte hartu dute, besteak beste.
Koordinazio batzordeak Aste Nagusirako aurreikusitako segurtasun operatibo berezia errepasatu du. Operatibo horretan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak beren presentzia areagotuko dute kalean, batez ere jende gehien biltzen den eremuetan, hala nola Parte Zaharrean, Grosen eta Erdialdean, patruila bateratuekin, azken urteotan ohikoa izan den moduan.
Bi poliziek arreta berezia jarriko dute delitu ohikoenen prebentzioan; lapurreta txikien eta telefono mugikorren lapurreten prebentzioan edo alkoholaren eta drogen kontsumoaren ondoriozko jokabideen prebentzioan. Era berean, eraso sexistak prebenitzen lagunduko dute, gaueko zaintza indartuz, herritarrei babes handiagoa eskaintzeko jai jarduerez gozatu ondoren etxera itzultzean. Aurtengoari begira, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak herritarren informazioa indartzeko ahalegina egingo dute, kontzientziazio kanpainen eta segurtasun aholkuen bidez, delitu txikiak saihesteko.
“Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ahalegina egingo dute kalean presentzia areagotzeko, eta ahalik eta ordu eta eremu gehien beteko dituzte, bai jai-esparruetan, bai jende gehiago biltzen den lekuetan, eta, horretarako, zerbitzu guztiak berrituko dira”, nabarmendu du Ibabek. Bestalde, “arreta handiz” jokatzeko eskatu du, jende asko biltzen den lekuetan lapurretak egitea gisako delituen aurrean, eta Zurriola pasealekuan, Bulebarrean eta Alderdi Ederreko lorategietan dauden puntu mugikorretan edozein egoera salatzeko eskatu die herritarrei.