Gorka Urbizu, Donostia bertsotan, zazpi jaialdi eta beste, Donostia Kulturaren udazkeneko eskaintzan

Udazkeneko eskaintzaren berri eman du Donostia Kulturak; guztira, ordainpeko 63 ikuskizun eta zazpi jaialdik osatua. Horietarako sarrerak gaur, hilak 30, 11:30ean jarriko dituzte salgai webgunean eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatilan.
Musikari dagokionean, 21 izango dira kontzertuak, euskal eskaintza nabarmenarekin: Errobi taldearen agurra, Gorka Urbizu, Zea Mays, Mikel Urdangarin, Ruper Ordorika & Mugalariak, Olaia Inziarte edota Txuma Murugarren, kasu. Halaber, Donostia bertsotan saioa aurrera eramango dute azaroaren 28an Imanol Lartzabal aretoan. Dantza emanaldiak, berriz, zazpi izango dira, tartean, Verdini Dantza taldeak Verdiniren distira oholtzaratuko du.
Hemeretzi azterlanen artean, euskaraz ikusteko aukera izango dira sei. Zehazki, Ados Teatroaren 52 hertz, Artedramaren Nor naizen baneki, Jon Plazaolaren A a aita, Horman Poster eta Dxusturi Teatroren Rikardo III eta ni, Ekoma Teatroaren Lohi gorria eta Txalo Produkzioak taldearen Escape room.
Haurrei begirako proposamenak, aldiz, hamabost dira. Musika, antzerkia eta zinema saioen emanaldi gehienak euskaraz egingo dituzte.
Eta hori dena gutxi balitz, zazpi jaialdi ere aurrera eramango dituzte urria eta abendua bitartean: Bolo-Bolo Weekend, IV. Kutixik Jaialdia, XVI. Metal Norte Festibala, XIII. Zombie Jaialdia, Revolution JamRock 2025, IV. Iturritik Dantza Jaialdia eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Astea.