Aste Nagusiaren bihotza: feminismoa, zaintza eta aldarrikapena Donostian
Donostiako Aste Nagusia ospakizun hutsetik harago doa. Jaiak guztiontzako seguruak eta askeak izan daitezen, urte osoan zehar egiten den lanketa kolektiboa ezinbestekoa da, eta mugimendu feministak du erdigune horretan zeregin nagusia.

Abuztuko aste bero batean ospatzen bada ere, irailean hasten da Aste Nagusiaren bihotza taupaka. Balorazioak egin, hutsuneak identifikatu eta urtez urtez ikasitakoa praktikara eramatea izaten dute helburu. Piraten lantalde feministako kideek honela diote: «Urtean zehar egiten dugu lan, hilabetean behin elkartzen gara eta azken hilabeteetan intentsitatea handitzen doa».
Zaintza sareak eta entzute ariketak
Urte osoan egindako lan horretan, zaintza eta entzute ariketek pisu berezia dute. Urtero, kofradien eta lantaldeen egoerak eta beharrak aztertzen dituzte, hutsuneak identifikatzeko eta mugimenduaren osasuna zaintzeko helburuarekin. «Ahalegina egiten dugu elkarguneak bilatzeko eta urtean zehar jende gehiago batzeko», azaldu dute.
Horri lotuta, lantalde feministatik Euskal Emakume Pentsiodunen plataformaren (Oneka) aldarri eta borrokarekin bat egiten dute, «merezi duten aitortza emanez». Emakume pentsiodunek egindako borroka eta haien zaintza eredua erdigunean jarri nahi dute, mugimendu feministarekin eta herri mugimenduarekin lotuz. Hain zuzen ere, belaunaldi arteko aliantzak sendotzearen garrantzia azpimarratu dute, zaintzak kolektiboa eta komunitarioa izan behar duelako eta emakume pentsiodunen borrokak gure herrietako auzoak eta komunitateak indartzen dituelako. «Onekak egiten duen lanari eta borrokari merezitako balioa eman nahi diogu, eta haiekin aliantzak ehuntzen jarraitu, borrokak bateratu eta zaintza erdigunean jarri», gehitu dute.
Belaunaldi arteko aliantzak sendotzearen garrantzia azpimarratu dute, zaintzak kolektiboa eta komunitarioa izan behar duelako
Erasoen aurkako protokoloa eta puntu morea
Aste Nagusian, puntu morea izango da babes eta salaketa gune nagusia. «Gure eguneroko bizitzetan ematen dira mota askotako erasoak: sexistak, LGTBIQ+fobikoak, arrazistak, kapazitistak, lodifoboak… eta horien aurrean puntu moretik protokoloa martxan jartzen dugu», azaldu dute. Erasoren baten berri izatekotan, erasoa pairatu duena babestea eta bere nahiak errespetatzea dute helburu, bere hitza zalantzan jarri gabe.
Erasoa jasan duenak artatze profesionalagoa behar badu, Emagin elkarteak kudeatzen duen Bulebarreko artatze puntura lagundu ohi diote, jakitun baitira artatze horiek profesionalek egin behar dituztela. Gainera, puntu moreko txandekin batera, kuadrilla txandak ere antolatzen dituzte, txip aldaketa sustatzeko, erasoak identifikatzeko eta mozteko. Gauero, kofradia batek hartuko du ardura hori, kaleetan jarrera aktiboa mantenduz.
Azken asteotan ikusitako gertakariek kezka handitu dute lantalde feministaren baitan, eta egoera kezkagarrian adi egoteko deia egin dute: «Ez dugu inolako gorroto erasorik onartuko, eta puntu morearen bidez gure helburua jaiak denontzako seguruak izatea da».

Donostiako Piratetako lantalde feministako hainbat kide, Bretxan Andresa Portugalen omenez egindako horma irudian.Donostiako Piratak
Aste Nagusi Pirata: kaleak hartzeko prest
Aste Nagusia ez da aste bateko kontua, eta Piraten mugimendua horren erakusgarri da. Lantalde feministak urte osoan kofradiekin batera lan egiten du, hausnarketak eta erabakiak hartzen, ikuspegi feminista Aste Nagusiaren egitarauetan txertatzeko helburuarekin. Horri esker, kofradiek antolatutako jardueretan begirada kritikoa lantzen dute, hausnarketa eta autokritika eginez.
Aurten ere, kaleak hartzeko prest daude. Abuztuaren 16an, 19:30ean, agerraldi feminista egingo dute eta, aurreko urteko esperientzia onean oinarrituta, Kalejira Transfeminista aldarrikatzailea antolatu dute abuztuaren 12an, asteartean, Sardiñerak kofradiarekin elkarlanean. «Donostiako kaleak errebeldia transfeministaz jantzi nahi ditugu», adierazi dute. Ondoren, Maruxak-en ikuskizuna ikusi ahal izango da, eta gaua Lumatza festarekin amaituko dute.
Festa, aldarrikapen eta zaintzarekin
Piraten egitarauaren barruan, kalejira hau ez da ekitaldi isolatu bat izango, erasoen aurrean autodefentsa feministaren bidez erantzuteko konpromisoa erakutsi dutelako lantaldekoek. «Erasoek gertatzen jarraitzen duten bitartean, aurrean egongo gara. Eta, hauei aurre egitea denon ardura da», nabarmendu dute.
Aldi berean, Presoen Aldeko Eguna, Gazte Eguna, Piraten Eguna eta beste hainbat ekimen ere izango dira, jaiak eta aldarrikapenak eskutik joan daitezkeela erakutsiz.
Erronka handia, indarra kolektiboan
Aste Nagusiak Donostiako kaleak kolorez, musikaz eta dantzaz betetzen ditu, baina festaren atzean, askotan, ikusezina den urte osoko lan nekaezina dago. Festaren momentu gorenei eta irudirik alaienei eusten diena da urte osoan egindako prestaketa kolektiboa, kofradien eta lantaldeen arteko elkarlanari eta konpromisoari esker gauzatzen dena. «Hutsune bat ikusi dugu, momentua iritsi denean jende gehiago behar dela konturatzen gara», azaldu dute, eta urtean zehar parte hartzeko gonbidapena luzatu dute, antolakuntzan sakondu eta ardura partekatzeko beharra nabarmenduz.
Mugimenduaren osasuna eta indarra kolektibitatean dagoela sinetsita, festaren espiritua zaintza sare, elkartasun eta aldarrikapen sare bihurtzeko lanean jarraituko dute. Festak soilik momentu puntual bat ez izatea, baizik eta komunitateak ehuntzeko eta elkar zaintzeko espazio erreal bat izatea nahi dute, Donostian jai herrikoiak eta askatzaileak posible direla erakutsiz.
Festak soilik momentu puntual bat ez izatea, baizik eta komunitateak ehuntzeko eta elkar zaintzeko espazio erreal bat izatea nahi dute
Donostiako Aste Nagusiak jai feminista eta askatzaile bat izateko erronka dauka aurten ere, eta hori mugimendu feministaren lanari, auzoetako kofradien inplikazioari eta herritarren konpromisoari esker soilik izango da posible. Jai herrikoiak guztionak dira, baina guztiok seguru eta aske sentitu behar dugu, eta horretarako ezinbestekoa da erasoen aurrean protokolo eraginkorrak izatea, zaintza kolektiboa antolatzea eta kaleak hartzeko ausardia praktikara eramatea. Aste Nagusiak zapalkuntza egoeran dauden pertsonak erdigunean jarri behar ditu, euren ahotsak entzunak izan daitezen eta espazioak askatasunez gozatu ahal izateko. Horregatik, festaren parte diren guztiei deia egiten diete: «Zaintza eta ardura guztion kontua da, eta jaiak guztion artean eraikitzen dira, auzolana, elkartasuna eta borroka feminista uztartuz, Donostiako kaleak askatasunez eta bizitzaz betetzeko».