Aurtengoz amaitu dira Zubietako Herri Jaiak

Egun luzeak bizi izan dituzte Zubietan azken astean. Santioak gogotsu eta gogotik ospatu dituzte hamaika jarduerarekin, baina San Inazio iritsita, festei agur esateko unea heldu da. Agur, edo hobe esan, datorren urtera arte. Amaierakoa izanda ere, zereginik ez zitzaien falta izan atzo: meza, zubietarren arteko errebote partida, zikiro jatea eta herri kirolak. Horiez gozatuta heldu zen azken traka eta suziria.
Baten batek eskertuko zuen atsedena. Bereziki, asteazkenetik ostegunera arteko gaupasa gauean parte hartu zutenek. Dantza asko eta lo gutxi eginda heldu zen bat baino gehiago patroiaren egunera.