Donostiako Musika Hamabostaldiak zortzi ikuskizun prestatu ditu gaurko

Abian da 86. Donostiako Musika Hamabostaldia eta zortzi emanaldi antolatu dituzte gaurko, horietako gehienak doan izango dira.
Lehenengoa 12:00etan izan da Viktoria Eugenia klubean. Sofia Huertak Beethoven, Chopin eta Granados pianista ospetsuen piezak jo ditu. Huerta 13 urteko gaztea bada ere, dagoeneko sari ugari jaso ditu. Gainera, Vienako ISA jaialdian parte hartzetik dator zuzenean. Ondoren, 17:30ean, San Telmo museoan, Lasala Dantza Konpainiak Judith Argomanizen eskutik Humana ikuskizuna aurkeztuko du. 2013 sortu zen dantza taldea da, ordutik, “hizkuntza fisiko propioa eta gaur egungo estetika jarraitzen duen proiektua” aurrera eramatea lortu du, “kalitatea beti ezaugarri moduan izanda”.
18:00etan, berriz, Viktoria Eugenia klubean, Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre piano jotzaileak Ravelen dantza kontzertua eskainiko dute, Maurice Ravelen musikari lapurtarraren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko. Ordu berean, Kursaalean, Verdini Dantza Taldak Sustraiak eta hegoak ikuskizuna aurkeztuko du. Isabel Verdinik sortutako koreografiak dibertsitatearen barnean dagoen aberastasuna ospatzen du, mugimenduaren hizkuntza unibertsalaren bitarte.
Bestalde, 20:00etan, San Ignazio elizan, abesti errezitala egongo da Miren Urbieta Vegaren eskutik. Arima euskaldunaren oihartzunak izenpean, Gorriti, Guridi, Urteaga eta bestelako artisten obrak interpretatuko dituzte. Gainera, ordu berean, Kursaalean dantza emanaldia egingo dute. Heriotzaren inguruan hitz egingo duen obra aurkeztuko du Algelin Preljocajek. Berak heriotza gertutik bizi du, izan ere, bere gurasoak eta lagun batzuk galdu zituen 2023an. Saioa ez da doakoa, eta sarrerak 31 euroan daude salgai.
Saio horiez gain, Berra eta Aldakoneako zaharren egoitzetan beste bi ikuskizun eskainiko dituzte.
Informazio gehiago Hamabostaldiaren webgunean eskuragarri dago.