Jai giroan murgildu dira Loiolan

Ohi baino beranduago heldu dira aurten saninazioak Loiolara. Amaiera data izan ohi da patroiarena, baina aurten, jaien lehena bilakatu dute. Hasi, asteazken arratsaldean hasi zituzten festak eta ordutik ez dute aspertzeko aukerarik izan auzoan. Eta izango ere igandera arte; hala nahi izanez gero, noski. Egitaraua ikusi besterik ez dago.
Txupinazoko suziriarekin batera piztu zen jai giroa, eta txarangak lagunduta kalez kale ibili ziren erraldoi eta buruhandiek auzoko txoko guztietara zabaldu zuten. Gauza bera egin zuen ere danborradak. Hona Nagore Garmendiak egindako argazkiak.










































































San Inazio egunean ere egitarau oparoa izan zuten. Goizean, Arrauningek antolatutako piragua herrikoian parte hartzera eta ibaiertzetik ontziak ikustera animatu ziren asko. Hirunaka eta salbamendu jaka soinean, ibaian gora eta behera ibili ziren arraunean. Bazkalostean, aldiz, gaztetxoenek ginkana nazkagarrian parte hartu zuten. Izenak iradoki dezakeen moduan, ez ziren jolas garbienak izan, baina primeran pasatu zuten partaideek.






















































































































