Karabela portugesei buruzko protokoloa eguneratu dute

Donostiako Udalak karabela portugesen inguruko protokoloa eguneratu du, eta bainulariak izango dira uretara sartzeko erabakia hartuko dutenak. Izan ere, aurten, dagoeneko, karabela ugari agertu dira, baina gehienak hogei zentimetro baino txikiagoak dira.
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garciak aurten jarraitu beharreko protokoloa azaldu du: “Bi eta hamar zentimetro arteko karabela ugari aurkitu dira, kasu horietan, sorosleek izango dute hondartza bakoitzean neurriak hartzeko erantzukizuna”. Ondorioz, tamaina txikiko karabelekin bandera horiak eta medusa banderak ipiniko dituzte. Modu honetara, hiritar bakoitzak bainatzeko aukera izango du, baina beti beraien ardurapean. Izan ere, animalia hauen ziztada “arina izan ohi da”, baieztatu du Garciak.
Sorosleek, egunero aurkitzen duten baldintzen arabera, bandera berdea edo horia jartzeko erabakia hartuko dute. Baina medusen presentzia nabaritzen badute, “bandera aldatuko dute”, ziurtatu du zinegotziak. Hogei zentimetro baino handiagoak diren kasuetan, protokoloa lehengo urteko berdina izango da. Hau da, Kontxako edo Zurriolako hondartzetan hamabost ale baino gehiago eta Ondarretan hamar baino gehiago aurkitzen badituzte, bandera gorria altxatuko dute eta, beraz, bainua guztiz debekatua egongo da.
Zinegotziak beraien lehentasuna “guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzea” dela adierazi du. Horregatik, “hiritarrei sorosleen argibideak jarraitzea” eskatzen die.