«Su artifizialak babestu behar ditugu, globalizazioaren aurrean»
Donostiako Aste Nagusiak jendea masiboki erakartzen duen ikuskizunik baldin badu, hori su artifizialena da. Gauero-gauero, zerura adi begiratzen du Izaskun Astondoak (Arratia, Bizkaia, 1962) ere, lehiaketako epaimahaikide izan baita azken urteotan, eta hala izango baita aurten ere. Su artifizialei puntuazioa ematerako orduan, ikuskizunaren harmonia oso kontuan izaten du Astondoak, baina, adi: publikoaren txaloek ere asko dute esateko.

Zer nolakoa iruditzen zaizu Donostiako su artifizialen lehiaketa?
Europa mailako su artifizialen lehiaketarik zaharrena da Donostiakoa, eta horrek puntu berezia ematen dio. Gainera, Donostia bere horretan oso leku ederra da su artifizialez gozatzeko. Urteak pasatu ahala, eraldatu egin da lehiaketa, piroteknia ere eraldatu den moduan: gero eta produktu gehiago existitzen dira, eta diseinuak ere askotarikoak dira. Hala ere, parte hartzen duen enpresa bakoitzak bere ukitu pertsonala ematen dio ikuskizunari, ez dira kalkomania hutsak. Epaimahaikide gisa, hori asko eskertzen da.
Izan ere, nik behintzat, nazioarteko lehiaketetan aintzat hartzen ditut su artifizialen arteko desberdintasunak. Donostiaren kasuan, zazpi gau izaten dira, eta hori oso atsegin dut. Gau bateko ikuskizuna gehiago gustatuko zaigu eta hurrengo gauekoa gutxiago, baina desberdintasunak ikusiko ditugu, eta hori beti da ona.
Zer irizpide hartzen dituzue kontuan suen puntuazioa egiterako garaian?
Zerrenda batean finkatutako zenbait aldagai hartzen ditugu kontuan: suen kolorea, zerua zenbateraino estaltzen duten, soinua, harmonia… Soinuak eta koloreek bat egitea garrantzitsua da niretzat, amaierako trakaz haratago, ikuskizunean zehar ere soinua baitago. Aldi berean, epaimahaikideek kontuan hartzen dugu ea piezaren bat bereziki deigarria egin zaigun.
Bestalde, eta ezinbestean, adi begiratzen dugu publikoaren erantzuna nolakoa izan den: soilik amaieran txalo egin du, ala ikuskizunean zehar ere txalo egin du? Isiltasunek ere asko iradokitzen dute. Batzuetan, su artifizialek azkarregi funtzionatzen dute eta ez da isilunerako astirik uzten, baina, beste batzuetan, pausak egoten dira, eta jendeak zenbateraino txalo egiten duen entzun dezakegu. Azkenean, aditua izatea ez da guztiz beharrezkoa su artifizialak onak diren ala ez jakiteko.
Eta, noski, puntuatzerako orduan ezin dugu alde batera utzi su artifizialek sentimentalki epaimahaikide bakoitzarengan izan duten eragina, baina hor bakoitzaren ikuspuntua, egoera eta emozioak sartzen dira jokoan.
Nolakoa da epaimahaikideen lana Aste Nagusian zehar?
Sei bat kide izan ohi gara eta egunero elkartzen gara suak ikusteko. Momentuan bertan, iritziak partekatzen ditugu, baina, ondoren, bakoitzak bere etxean egiten du lan. Gaur egun, EITBk suak grabatzen dituenez, behin eta berriro ikus ditzakegu ikuskizunak; aukera izaten dugu ekitaldiak irauten duen hamabost minutu horietan ikusi ez ditugun gauzak berrikusi eta ohar gehiago hartzeko.
Larunbatean, azken egunean, berriro elkartzen gara eta momentu hartan hausnartzen dugu sakon su artifizial bakoitzaren gainean, behin betiko puntuazioak esleitzeko.
«Ikuskizunak harmonikoa izan behar du, zerua ondo estali behar du, piezak ondo ikusi behar dira»
Zein ekarpen egiten diete su artifizialek hiriari eta donostiarrei?
Jasangarritasuna, kutsadura zein poluzio akustikoa direla eta azkenaldian eztabaida sorrarazi duten arren, nire ustetan, suek ekarpena egiten diote hiriari, bai artistikoki, bai kulturalki. Suak berak osagai emozional oso indartsua du, eta zure egoera emozionalarekin bat datorrenean, gogoangarria izaten da. Su artifizialena oso arte iragankorra da, ez da inoiz era berean errepikatuko, meteorologia eta pertsonaren egoera emozionala ez delako inoiz berbera.
Donostia hamabost minutuz geldi geratzen da, piztu, itzali, piztu, itzali eta berriro ere pizten den ikuskizunari so. Aste Nagusian zehar antolatzen diren beste jarduera askoren moduan, ekarpena egiten diote Donostiari, baina, su artifizialen kasuan, adin guztietako pertsonentzako ikuskizuna izanik, jarduera guztien artean erakargarrienetarikoa ere badela esango nuke.
«Adi begiratzen dugu publikoaren erantzuna nolakoa izan den: soilik amaieran txalo egin du, ala ikuskizunean zehar ere txalo egin du?»
Zer transmititu behar du su artifizial perfektuak?
Nire ustez, soinuaren eta kolorearen arteko oreka izan behar du. Kolorea dut bereziki gustuko, baina soinuak ere lagundu egin behar du. Ikuskizunak harmonikoa izan behar du, zerua ondo estali behar du, piezak ondo ikusi behar dira. Ez dut gustuko nahasmena, ez baitu aukerarik uzten hamabost minutu horien atzean dagoen lan guztia balioan jartzeko.
Bihotza ukitzea ere oso garrantzitsua da. Batzuetan, ikuskizun bera ikusten jarraituko nuke denbora luzez, eta, aldiz, beste batzuetan noiz bukatuko den itxarotea besterik ez zait geratzen. Ez dakit zehazki zer den gauza bata ala bestea eragiten duena, baina, nire kasuan, su artifizialen harmonian jartzen dut fokua.
Gogoan duzu bereziki gustatu zaizun ikuskizunik?
Nik oso gogoko ditut, oro har, su artifizial japoniarrak, eta, behin, piroteknia saio japoniar bat ikusten ari ginela, zeharo liluratuta geratu nintzen. Euria ari zuen, eta su artifizialak oso desberdinak izan ziren, normalean ikusten dugunarekin alderatuta. Bi arrazoi horiengatik, nirekin zeudenak kexaka hasi ziren, baina niri, ordea, izugarria iruditu zitzaidan ikuskizuna. Ildo beretik, garrantzitsua iruditzen zait su artifizial japoniarrak (edo beste edozein herrialdetakoak) ikustera joatean, tokiko berezitasunak edukitzea. Janariarekin gertatzen den bezalaxe: jatetxe asiar batean, Asiako janaria dastatu nahi dut. Su artifizialak babestu behar ditugu, globalizazioaren aurrean.
Japoniarren kasuan, su artifizialek atalka edo piezaka funtzionatzen dute, eta, egun hartan, atal bakoitza miresgarria iruditu zitzaidan. Hori bai, kontziente naiz ikaragarri garestia dela Japoniako enpresa piroteknikoak Donostiaraino ekartzea, garraioa ez ezik, su artifizialak ekoizteko duten modua eta piezak erabat desberdinak eta nahiko konplexuak direlako.