Arkitektura garaienen trazak

Bada Donostiarik Kontxako baranda ezagunaz gaindi. Biltzen ditu kapitalak postaldun izateko ohorerik ez duten estetika kontrastanteak. Badira dorreak Atotxan, malda malkartsuak Egian, zokoratutako txokoak itsasadar altzoan. Gladys Eneako ertz batetik, Loiolako Erriberara zarama zurez jantzitako zubiak. Hiriko ebulliziotik at zure hankak, jomuga berriak bistan. Auzo erresidentziala, arkitektura monotonoz jantzia. Bartzelona hiribideak bagaramatza, ordea, lan goren baten erreklamuan. Rafael Moneo nafarrak ideatutako Iesu eliza bikaina gaurko helmuga eta jokaleku. Denboraren joanak azkarregi zatarturiko fatxada tzarrak egiten dio bati barrurako gonbita. Arkitekto bi ezagutzeko zortea izango du orain takigrafista lanetan ari den honek: zutabe sendo, puru eta monumentalez eliza argitsua ondu zuena eta gaueko kontzertuaren protagonista bilakatuko den Johann Sebastian Bach eraikitzaile musikal handia. Michel Bouvard organista frantsesa, titan bien lotura sortzaile.
Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, jende gehien bildu ohi duen zikloetako bat da organoari eskaintzen zaiona. Ez da kasualitatea Gipuzkoak bere baitan gordetzen duen ondare historikoa –teklazko instrumentuei dagokionez– nabarmentzekoa izatea. Bidaide bikainak izaten dituzte ziklo honetan aurkezten zaizkigun interpreteek. Organo erromantikoak, gehienak. Bada frantsesik zein alemaniarrik. Baina atzokoan Klais Orgelbau enpresak 2011an, eliza beraren irekierarekin batera, ezarri zuen organo neobarrokoa izan zen Bouvard organistaren lan erreminta. Apur bat erdoildua bera, mantenu lan ez jarraiek eta instrumentuaren beraren aldakortasunak eman baitzioten arazo bat baino gehiago interpreteari. Kontuak kontu, atzokoa Alemania bihotzean kokatzen den Eisenach herrian jaiotako konposatzaile gorenari omen egiteko enkontrua izan zen. Datorren egunetan burutuko den Organo Erromantikoaren Nazioarteko 41. Ikastaroaren irakasle izango denak guztiok txunditu gintuen, ohikoak zaizkion musikalitate eta gustu finarekin. Argiaren tratamenduak arimaren goralpena bilatzen duen pareta itzelezko tenplu hartan, ezin aproposagoa iruditu zitzaidan organistak planteatu zigun Bach desberdinen aurkezpena. Aurpegi ugariko kuboaren gisakoa begitandu baizitzaidan bart maisu kontrapuntista.
Argiaren tratamenduak arimaren goralpena bilatzen duen pareta itzelezko tenplu hartan, ezin aproposagoa iruditu zitzaidan organistak planteatu zigun Bach desberdinen aurkezpena.
Egitaraua, sei ahotsetara idatzitako bi lan mardulek ireki eta itxi zuten. Zirkuluaren hertsia oroituz, kontrapuntu iaioz ondutako bi lan horiekin musikaren arkitektura horizontala gogorarazi zigun. Puntua puntuaren kontra. Bi bideren elkartze akzidentalek eragin zuten ondoren harmoniatzat ezagutuko genuena. Hiru zatiz osatutako O lamm gottes unschuldig koral handiaren jarraian, zeina Leipzigen bere bizitzako azken etapan maisutasunez idatzi zuen, karaktere diferenteko bi lan eder eskaini zizkigun Pariseko kontserbatorioko irakasle izanak. Hona hemen kuboaren lehen aldarazpena. Melodikoa den Bach bat dastatu genuen Orkestrarako Hirugarren Suite-aren parte den Aria ezagunarekin. Modu apal eta ondraduan oparitu zitzaigun berau, ugaritan pieza honi eskaintzen zaion erromantizismo hildua alde batera utziz. Andre Isoirrek, atzokoan teklatuei eragin zienaren irakasleak, transkribatua izan zen arestian aipaturiko lan hau. Berea, baita ere, lau klabezin eta orkestrarako Bachek konposatutako kontzertuaren moldaketa txinpartatsua. Orkestrala den Bach bat oraingoan, bertikalagoa, harmoniaren joanarekin preokupatua. Bouvardek hiru mugimenduetan zehar demostratu zion entzulegoari bere esku zein hankak nota maratoiei aurre egiteko forma betean daudela.
Halaxe jarraitu zuen, exigentziari balentriaz aurre eginez, Gure Aitaren bueltan musikari alemaniarrak idatzitako koralean. Gorena, ordu horretarako arratsaren zertzeladek Moneoren mihise ezin zuriagoan marrazten ziharduten lorratz doratuaren gisan, Bachek orri hauetan lortzen duena. Erritmo lonbardoa –semikortxea gehi puntudun kortxea– ardatz duen errelatoa nola hazi eta loratzen den frogatzeak, hunkitu egiten du bat. Bazioen bai hark, Bachen musika aski dela Jainkoaren existentziaz jabetzeko. Zerutiarra BWV682 pieza, azken eskaintzaren preludio. Izan ere, Eskaintza Musikalaren barruan aurkitzen den Ricercar –usnatu, peskizan aritu– lan sendoa aukeratu zuen organistak Moneoren gurutzpean eginikoa ixteko. Kromatismoaren preminentzia, totalitate musikal baten bilaketa, ahots ugarien enkontru zoriontsua. Guztia presente, arkitektu partikularren festa honetan. Amaitu zen gaua, munduaren egoera samurtze aldera jotako O Mensch, bewein dein Sünde Gross –Ene izaki, damu zaitez zure bekatuez– koral gozoarekin, Moneoren zurixkak apurka itzaltzen zihoazen bitartean, norberaren baitara biltzeko atalaia bikain batean geundenaren sentsazioz. Hantxe urrunean, isilpe betean.