Giulio Cicconek irabazi du aurtengo Donostiako Klasikoa

Giulio Cicconek bere lehen txapela eskuratu zuen larunbatean Donostiako Klasikoan. Lasterketa bizian, azken eraso batean atzean utzi zituen Jan Christen eta Isaac del Toro eta 211 kilometroren ondoren, Bulebarreko helmuga bakar-bakarrik zeharkatu zuen.
Larunbatean, hilak 2, jokatu zuten 44. aldiz proba. Marc Hirschi indarreko irabazlea faborito nagusien artean zegoen, Juan Ayuso, Isaac del Toro, Primoz Roglic edota Oscar Onleyrekin batera, baina Lidl Trek taldeko txirrindularia izan zen 211 kilometro osatu ondoren, helmuga zeharkatzen lehena. Ondoren, Jan Christen eta Maxim Van Gils heldu ziren.
Lehen mendate puntuagarria baino lehentxeago hamabi txirrindularik tropeletik aldentzea lortu zuten eraso baten ondoren. 95. kilometroa igarotzean, ia bi minutuko aldea zuten, baina Donostiatik lehenengoz pasatu ondoren, tropelak erritmoa biziagotu eta segundo batzuetan murriztea lortu zuten. Jaizkibel, Erlaitz eta Murgileko igoerak falta ziren eta egoera asko aldatuko zen. Erlaitz igotzen hasi baino lehen 27 segundoko aldea zuten ihesaldian zihoazenek. Roglicek erritmoa biziagotu eta aurkarietatik aldendu zen, Christen ek eta Leo Bisiauxek baino ezin izan ziren bere atzetik joan. Apurka indarra galdu zuen esloveniarrak eta txirrindulari talde batek neutralizatu zuen. Haien artean, Van Gils, Christen eta Ciccone zeuden.
Del Toro mexikarra batu zen taldera eta Roglic ere lasterketa buruan sartu zen berriro. Del Torok erritmoa biziagotu zuen tarte latzena igo baino lehen eta Cicconek besterik ez zion jarraitu. Handik aurrera, erlojupekoa hasi zen helmugaraino. Helmugarako 17 kilometro besterik geratzen ez zirenean 53 segundoko aldea zuten. Christenek erasoa egin eta bi txirrindulariak harrapatu zituen, erritmoa berriro biziagotuz. Ciccone suitzarraren atzetik joan eta atzean utzi zituen biak, garaipena eskuratuta. 10 segundoko aldea zeukala, bakarrik iritsi zen Bulebarrera.