Hondartzetan mobilizazioa aurrera eraman dute Etxerat eta Sarek
"Sufrimendua behin betiko amaitu behar dute", adierazi dute.

Urteroko legez, Etxerat eta Sarek Euskal Herriko hamaika hondartzetan mobilizazioak antolatu dituzte “euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarriak bat egiteko”. Atzo, hilak 3, goizeko hamabietan, Kontxa hondartzan elkartu ziren eta, bertan, beraien aldarrikapenak jakinarazi zituzten.
Etxerat antolakundeak beraien helburua zein den azaldu du: “Behin betiko amaitzea sufrimenduarekin, behin betiko konponbidea lortzea, behin betiko bakea eskuratzea, eta behin betiko elkarbizitza agertokietara jauzi egitea”. Behin betiko txanpa etxera lelopean egin dute bat bi antolakundeek. Izan ere, beraientzat azken txanpa “amaierei erreferentzia egiteko erabili ohi den terminoa da, baina hauek gogorrak eta luzeak izan daitezke”.
Halaber, 56 preso erregimen irekian beraien zigorra betetzen ari badira ere, “errekonozituak izateko eta erreparatuak izateko hamaika biktima” falta direla adierazi dute. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute mobilizatzen jarraitzea, “azken txanparekin” amaitzeko.
Hemen dituzue igandeko mobilizazioan Joseba Parronek ateratako argazkiak.