Iltzea hil dute Loiolan

Bost egunez luzatu dira saninazioak Loiolan, asteazkenetik igandera bitartean, eta hamaika aukera izan dituzte auzotarrek gozatzeko. Ostiralean, besteak beste, San Fermin txiki tailerra eta entzierroa aurrera eraman zituzten. Santuaren bedeinkapena jasota, zapi gorriak lepoaren bueltan jarri eta ez bustitzen ahalegindu ziren txikienak (eta haiekin zihoazen helduak), korrikaldiak eragin zituzten “zezenek” ur pistola baitzituzten, adarrak beharrean. Arratsaldean ere lasterkan aritu ziren, baina motorra edo trizikloa hartuta. Haur eta heldu, denek izan zuten parte hartzeko parada, eta ezin esan nork pasatu zuen hobe.
Larunbatean ere jarduera zerrenda oparoa izan zuten aukeran. Esaterako, kuadrillen bazkaria eta haien arteko jolasak, Ariztigañatik Loiolako zeharbidera ziztu bizian jaitsi ziren goitibeherak edota kaleak alaitu zituen Dinbi Banda batukada.
Azken eguna izanagatik, atzokoa ez zen arinagoa izan. Ibaian egindako kukañan ikurriña eskuratzen ahalegindu ziren hainbat gazte eta haur, Eliza kalean ardo dastaketa jendetsua aurrera eramaten ari ziren bitartean. Arratsaldean, berriz, talentua eta abilezia badituztela erakutsi zuten Latsarien plazako oholtzara igo zirenek. Barreak eta giro alaia nagusi izan ziren jaien azken unera arte: Iltzearen ehorzketa. Txokolate beroarekin indarrak hartu, Ilargi txarangari jarraitu, eta azken trakarekin amaitu zituzten gauerdia pasata jaiak.
Askok ondo pasatzeko, batzuek lan egin behar izaten dute. Hala aritu aritu denetako bat izan da Nagore Garmendia, jai egunetan gertatutakoa argazki sorta mardulean jaso baitu. Hementxe laburpen bat:



































































































































































































































































