Palestinaren alde mobilizatzera deitu dute

Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazioa deitu du Israel Palestinan aurrera eramaten ari den genozidioa salatzeko. Aste Nagusiaren testuinguruan, igandean, hilaren 10ean, Bulebarrean izango da 19:00etan. Gasteizen, berriz, hilaren 6an izango da eta Bilbon, abuztuaren 15ean. Gainera, urriaren 4an Iruñean manifestazio nazionala gauzatuko dute.
Plataformak mendebaldeko aktoreei hipokrisia leporatu die. Izan ere, beraien ustez, Palestinaren alde duten “ustezko kezka hori genozidioak eragin beharrean, Gazak jasaten ari den gosetea uzten ari den irudiek sortu dutela ematen du”. Honekin batera, hainbat estatuk “itxurazko kezka bera” adierazi dutela salatu dute. Esate baterako, Frantziak babes “sinbolikoa” erakutsi duen arren, “Israelekin harremanak mantentzen ditu”.
Bestalde, nazioarteko komunikabideek Israel “zuritu” besterik egin ez dutela adierazi du mugimenduak: “Haiek izan dira estatu terroristak hamarkadetan zehar egin duen garbiketa etnikoa legitimatu dutenak”. Hedabideek erantzukizuna “gainetik kendu nahi dutela” baieztatu du. Hauekin batera, mendebaldeko gobernuek eta enpresek genozidioarekin “negozioa” egiten dutela gogorarazi du. Horregatik, eragilearen ustez alferrik da nazioarteko erakundeei, justizia auzitegiei eta bestelakoei neurriak hartzeko eskatzea, “morroiak direlako”.
Elikadura segurtasunari buruzko OMEren CIF sailkapenaren arabera, gosetea fase larrienean sartu da eta honen jatorria kasualitatea izan ez dela azpimarratu dute: “Duela bederatzi hilabete publikoki iragarri zen Rafahko pasabidea erabat itxi zenean, ura, janaria, erregaia eta elektrizitatea sartzea galaraziz”.
Ondorioz, batetik, Palestinari babesa ematen jarraitzeko eskaera egiten dute, Israelgo Estatuaren suntsipenarekin batera: “Existitzen uzten ez duen estatu batek ez luke existitzeko eskubiderik izan behar”. Bestetik, Israelekin harremanak eteteko indarrak jarraitu behar duela azpimarratu dute.