Txosnen aldeko mugimenduak 20.000 sinadura bildu ditu
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txosnen batzordeek txosnak ondare immaterial izendatzea eskatzen dute.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txosnen batzordeek 20.000 sinadura bildu dituzte, txosnak ondasun immaterial izendatu daitezen. Izan ere, beraien ustez leku hauek “arriskuan daude” eta, horregatik, maiatzaren 31an hasi zuten ondare immaterial izendatzearen aldeko Txosnak, gureak, denonak sinadura bilketa.
Atzo, hilak 3, Gasteizko jaien bezperan, ekimeneko kideek agerraldia egin zuten txosnagunean. Bertan, idatzia sinatzen jarraitzeko garrantzia azpimarratu zuten, eta txosnen defentsa “alaitasun, sendotasun eta proposamen zehatzekin” aurrera eramateko deia egin zuten. Txosnak babestu dituzte, hauek “adin guztietako herritarrek espazio aske, parte hartzaile eta herriari irekiak eraikitzen” dituztelako.
Agerraldian, txosnak “arriskuan” daudela berretsi zuten eta adierazi zuten ez dutela enpresa moduan hartuak izan nahi. Halaber, aurten lehen aldiz, Gasteizko txosnetan Ticket bai sistema ezarriko dutela ezagutzera eman zuten, iazko isunak errepika ez daitezen.
Amaitzeko, “eredu ireki, aske, herrikoi eta euskaldun horrek” bizirik jarraitzea nahi dutela aldarrikatu zuten, “txosnak ez direlako edari barrak soilik”, baizik eta “jai herrikoien bihotza eta gure nortasun kolektiboaren isla”.