Gipuzkoa Antitaurina plataformak zezenen eskubideen aldeko manifestazioa deitu du

Gipuzkoa Antitaurina plataformak manifestazioa deitu du Ilunbek zezenketarik ez onartzeko. Helburua, Ilunben birmoldaketa egin ondoren, zezenekin erlazionatuta dauden ikuskizunak bertan ez onartzea da. Manifestazioa larunbat honetan 18:00etan izango da, Bulebarrean, eta partaidetza handia espero dute antolatzaileek.
Izan ere, plataformak ohartarazi duenez, hiritarren gehiengoa diru publikoa zezenketara bideratzearen aurka dago. Hori horrela izanda, erakundearen bozeramaile Pilar Oteguik hiritarren iritzia entzutearen aldeko argudioa eman du: “Instituzioek jendea entzuteko eta animalien sufrimendu oinarri moduan duten ikuskizunak baztertzeko garaia da”. “Ilunbe berria biolentziatik kanpo geratzea eta, bertan, kultur, kirol eta jarduera komunitarioak soilik egitea exijitzen dugu”, azpimarratu du Oteguik.
Manifestazioan zezenketei egindako edozein motako finantzaketa edo babes instituzionala ematearen aurkako agiria irakurriko dute antolatzaileek. Gainera, animaliak erabiltzen dituzten beste hainbat jardunaldi kentzearen alde ere egingo dute. Esate baterako, sokamuturra eta Azpeitia, Deba, Zestoa edo Donostian egiten diren entzierroak. Honekin batera, lurraldeko udalerri guztietan eskaera formala egingo dute, talde politikoek gai honen inguruan duten iritzia publikoki emateko helburuarekin.
Horregatik, erakundeak hiritarrei deia egiten die larunbatean parte hartu dezaten, gizartearen gehiengo iritzia islatzko, animalien eskubideak defendatzeko helburuarekin.