Gonçalo Guedes fitxatu du Realak

Azken orduetan bolo-bolo zebilen portugaldarraren balizko fitxaketa. Astelehen eguerdian heldu zen jokalari portugaldarra Donostiara eta, mediku azterketa egin ondoren, arratsaldean sinatu zuen talde txuri-urdinarekin lotuko duen kontratua. Hala, Ingalaterrako Wolverhampton Wanderers futbol taldea utzi, eta 2027-2028 denboraldiaren amaiera arte jokatuko du Realean, beste denboraldi batez luzatzeko aukerarekin.
Gonçalo Guedes Benaventen (Portugal) jaio zen 1996ko azaroaren 29an. Benficako beheko mailetan hasi zuen bere ibilbidea. 19 urterekin lehen taldera igo, eta denboraldi gutxian Europako talde handienen arreta erakarri ondoren, PSGk fitxatu zuen. Parisen denboraldi erdia egin ondoren, Valentzian jokatu zuen, lehenik, utzita; eta 2018an sinatu ondoren, bost denboraldi egin zituen han. 2022ko udan, aldiz, Wolverhamptonera pasatu zen. Benfican eta Villarealen utzita jokatu ondoren, azken denboraldian Premier Leaguen aritu da. Horrez gain, Portugalgo taldearekin 32 aldiz jokatu du.
Guedesek bizitasuna eta bertikaltasuna emango dio txuri-urdinen erasoari. Aurrelaria pozarren iritsi da Donostiara. “Harrera oso ona izan da, asko gustatzen ari zait dena. Oso ondo jokatzen duen talde batera nator, erasokorra dena eta anbizioa duena, eta hori ona da niretzat, nik ere ahalik eta gorago egon nahi baitut”, adierazi zuen portugaldarrak. Aitortu duenez, Ingalaterran ez zen erabat egokitu eta hemen bere mailara ahalik eta azkarren itzultzea espero du. “Entrenatzailearekin hitz egin dut, badakit zer nahi duen nitaz, eta nire onena emango dut, bai zelai barruan bai kanpoan”.