'Teatralitate maskarak'

Zita loriatsuenen galazko aura txertatu zion Xabier Anduagaren presentziak bart Kursaalean burutu zen kontzertuari. Jauregiak aste batzuk barru izango duen glamourrezko distiraren preludio aurreratua. Tenore donostiarrak denbora gutxian marrazturiko nazioarteko ibilbidelak berebiziko ikusmina sortu zuen bere bizilagunen artean. Anduaga zuen gauak izar, baina Rafael Moneoren bigarren etxe donostiarra –Iesuko elizan entzuniko organo kontzertuaren ondotik– bisitatzen zuen honek izan zuen astia kantariari baturiko beste elementuei so egiteko ere. Valentziako Erkidegoko Orkestrak izango zuen billet guztiak agortuak zituen emankizunaren alde biko egitarauari aurre egiteko erantzunkizuna. Bestalde, osagai ezin koxkeroagoa: San Juan kalean egoitza duen Donostiako Orfeoia. Nabaria zen bai harmailetan zelaia etxeko jokalari batek baino gehiagok hartzen zuela. Badu Easo Ederrak bere baitan hazitakoari hauspo gehiegizkoa eskaintzeko jite nabarmena. Gureak badira, ez da izango munduan hoberik. Kontzertuaren amaieran jendearen artean zabaldu zen euforiak ugari zuen hortik. Gatozen, baina, musikara.
Egitaraua zabaltzerako, aurretiaz Anduagaren figurak eragin zuena frogatuta, pentsatu zezakeen batek kontzertuaren lehen zatian ageri zitzaigun Ludwig van Beethovenen Bigarren Sinfonia, betelan hutsa izango zela. Donostiarraren ahots prodijiosoa beranduarazteko modu mizkin bat. Bonngo konposatzaileak XIX. mendearen lehen hiru urtetan idatzitako piezak liluratu egin gintuen, ordea. Sorpresek eta teatralitateak gauean zehar izango zuten garrantziaren lehen zantzua horratx. Heiligenstadt hirixkan, Vienako periferia ruralean, lehen gorreri sintomak jasan eta bere ezinegona isladatzen zuen Heiligenstadteko testamentua idazten zuen garai berean konposatutako lana izan zela sinetsi izan da bigarren sinfonia honi buruz. Entzuleak partiturari somatu dakizkiokeen trazek –alaitasuna, bizitasuna, garbitasuna– erabat deuseztatzen dute teoria horixe bera. Ondoren daten errore bati egotzi izan zaiona, Beethovenen beraren animo zirriparretsuan antzeman daiteke. Orkestra fin aritu zen, tempo justuz, zuzendariaren kontzepzio natural eta freskoa ederki jarraituz. Behin baino gehiagotan etorri zitzaidan burura Franz Joseph Haydnen Ezustekoa sinfonia, hura bezalaxe nabaria delako maisu alemaniarraren bigarren ale sinfoniko honetan isilunearen erabilera elementu estruktural gisa. Beethovenianoa zaigu hau, erabat. Pentsa ezazue Bosgarren Sinfoniaren hasiera ezin ezagunagoan, edota hainbat eta hainbat piano sonatetan txertatutako isilaldietan. Teatrala, oro. Tronpek Scherzoan izaniko zenbait afinazio arazo alboratuta, nabarmentzekoa izan zen zurezko haize instrumentuen lana. Enpaste fina, norbanakoen musikalidade indibidualetik at. Txundigarria, beraz, betegarri bokazioz paperean jarri zena.
Behin deskantsuko parafernalia soziala –papel couché patrioaren kristalizazioa– atzean utzita, prest ginen kuboa bete genuen entzule guztiok gauaren zatirik ustez garrantzitsuenari ekiteko. Beethoven eta Giachino Rossini. Rossini eta Ludwig van Beethoven. Zerbait ba ote bien artean loturatzat? Horixe galdetzen nioen nire buruari Donostiako Orfeoiko kideek oholtza hartzen zuten bitartean. Bata sinfonista hutsa, formaren garapenarekin kezkatua. Operaren harean aise jaioa bestea. Fidelio du opera bakarra Beethovenek, ala? Il barbiere di Siviglia entzutetsuaren obertura boteprontoan burura. Ez nien antza handirik topatzen biei. Buruan sasitza hori nuen bitartean, ekin zion Mark Elderren batuta jakintsuak Rossiniren Stabat Mater lanari. Hildakoen mezen –Requiem– kutsua duen musika molde sakroa. Ez ote da, ba, semea gurutzean nola hiltzen den frogatzen duen amaren ezinegona bere arimaren heriotza propioa? Ederra izan zen interpretazioa, oro har. Nabarmentzekoa, nola ez, Anduaga beraren lana; bakarka abesturiko Cujus animam gementem boteretsu bezain espresiboan, eta laukoteak batera abesturiko zatietan. Bi alorretan nabaritu zitzaion Rossiniren lanak duen inpronta operistikoarekin ur beteko arrainaren antzera sentitzen dela. Izugarri da Rossinik testu latz bati buelta eman eta beroni argitsua zaigun musika bat ezartzeko duen kapazidadea.
Nabarmentzekoa, nola ez, Anduaga beraren lana; bakarka abesturiko Cujus animam gementem boteretsu bezain espresiboan, eta laukoteak batera abesturiko zatietan.
Mezzosopranoaren lana aipatuko nuke Fac, ut portem Christi mortem tragikoan. Bere espresibitateak gauaren joskera izan zen teatralitateari aportazio nabarmena egin zion. Apur bat xaloagoak iruditu zitzaizkidan sopranoa zein baxua, beraien konpromisoa agerian utzi zuten arren. Donostiako Orfeoiari dagokionez, tentuz aritu zen obraren hasieran zein amaieran. Gartsu eta dikzio komunagoz. Laino beltzagoak agertu ziren a capella abestea egokitu zitzaienean. Orkestraren beraren sostengurik gabe, nabarmenagoak izan ziren zati honetan afinazio gabeziak zein dikzio partikularrak. S ugari –doloris edo dolorez– hitzen amaieretan koruan zehar sakabanatuak. Givenchyren laxo larrosa soinean zutenek harrotasunez egin zieten txalo beren kide izandako tenore orain unibertsalari. Apoteosikoa izan zen jendearen erantzuna; apur bat demasekoa, ene ustetan, gauak eskaini zuena entzunda.
Gau ederra izan zen, ezbairik gabe. Ponpak eta purpurinak bazekarten ezkutaturik mami nahiko. Orkestra konpaktu eta sendo bat, Anduaga beraren kalitate ondradua eta Beethoven zein Rossini batzen dituen tentsioarekiko atxikimendu teatrala. Balio bezate gisako programa mistoek ugaritan egitarau bizilagun ez diren konposatzaileen arteko sinergiak topatu eta indartzeko. Eta izan dezagula, urte luzez, Anduagaren ahots ederraz gozatzen jarraitzeko parada.