Txapelarte erakusketa EHUra mugitu dute

Txapelarte ongintzako erakusketa EHUra heldu zen atzo, hilaren 4an, eta bertan irailaren 8a arte bisitatzeko aukera izango dute hiritarrek. San Martin Auzoa elkarteak ekainean inauguratu zuen erakusketa, baina orain etapa berri bati hasiera emango dio eta EHUko Karlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan egongo da ikusgai.
Erakusketan, Tolosako Elosegui txapelak daude, eta hainbat artista euskal tradizioa eta elkartasuna batu dituzte hauen apainketan. “Arteari, kulturari eta eskuzabaltasunari egindako omenaldia da, tradizioa kausa solidario baten zerbitzura jartzeko modu sortzaile eta kolektiboa”, adierazi zuen antolatzaileak inaugurazioan. Pieza guztiek helburu solidarioa dute, izan ere, enkantean salduta irabazten duten dirua Minbiziaren aurkako Gipuzkoako Elkarteari emango zaio.
Bilduma astelehenetik ostiralera egongo da irekita: abuztuan, 08:00etatik 14:00etara eta, irailean, berriz 08:00etatik 20:30era. Ondoren, irailaren 10etik urriaren 5era, Tolosako TOPIC museora eramango dute.