Aiara Agirrezabalak 2029ra arte luzatu du Realarekin duen kontratua

Aiara Agirrezabalak Realarekin duen lotura berritu eta 2029ko ekainaren 30era arte luzatu du, klubak idatzi batean jakinarazi duenez. Anoetan sinatu du kontratu berria, Joseba Ibarburu Realeko presidenteordearekin, Alex Uranga kontseilariarekin, Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futbolaren arduradunarekin eta Maider Castillo eliteko emakumezkoen futbolaren arduradunarekin batera.
Talde txuri-urdinak “etxeko talentuaren aldeko apustua” egin du, 16 urteko jokalariak lehen taldeko fitxa izango baitu eta 24 zenbakia eramango du bizkarrean. Gaztea bada ere, heldutasuna erakusten du zelaian eta taktikoki oso ona. Uda honetan Espainiako taldearekin 19 urtez azpiko Europako txapelketa irabazi du.
Pozik dago Agirrezabala: “Kristorena da, uste baino azkarrago etorri da, baina Realari oso eskertuta nago. Gogotsu nago denboraldiari ekiteko, taldeari emaitza onak lortzen laguntzeko eta minutuak gehitzen joateko”, adierazi du. Realeko arduradunek, berriz, oraina eta etorkizuna josten dituen jokalariaren ezaugarriak nabarmendu dituzte: “grina, adimena eta etorkizun handiko proiekzioa”.