Ekin diote aurtengo Antiguako Pilota Txapelketari

Giro ederrean jokatu dituzte astearte arratsaldean 77. Antiguako Pilota Txapelketako ligaxkako lehen bi partidak Antiguako frontoian. Lehenik, Joanes Cestau eta Intza Garaño aritu dira Oihan Etxeberria eta Mikel Leoneten aurka, ondoren, berriz, Eñaut Lizegak eta Aingeru Bernaolak Josu Igoa eta Asier Balerdi izan dituzte aurrez aurre.
Cestau- Garaño bikoteak lehen puntua eskuratu du promesetako A multzoan, Etxeberria-Leonet 22-11 garaituta. Leoneten eskuin eskuko lesioak neurketa osoa baldintzatu du. Hasieratik izan ditu arazoak eta partidak aurrera egin ahala gero eta gehiago ezkutatu du minduta zuen eskua, bukaeran ia erabili gabe. Horri gehitu behar zaio aurkarien lan ona: oiartzuarrek oso aurka izan dute markagailua. Ikusteke dago Leonet datorren asteartean Beitia eta Calvoren aurka jokatzeko moduan egongo den.
Senior mailan, Lizeaga-Bernaolak 22-17 irabazi diete Igoa-Balerdiri.Partida parekatua izan da, une batzuetan lehen bikotea gailendu da, eta beste batzuetan, nafarrak. Lizega-Bernaolak alde politarekin ihes egin badute ere, Igoak tanto ikusgarriak utzi ditu eta markagailuan gerturatzeko aukera eman die, aurretik jartzeraino. Azken zatian, dena jokoan zela, gehiago asmatu du Lizeaga-Bernaola bikoteak eta Igoa-Balerdik akats larriegiak egin ditu momentu erabakigarrietan. Hala, lehen puntua lortu dute, lan handia eginda.