Hainbat haur parke berritzeko proiektua onartu dute

Tokiko Gobernu Batzarrak hainbat parke birmoldatzeko proiektua onartu du astearte honetan.
Hiriko bost haur parketan segurtasuna bermatzen duen lurzorua berrituko du Udalak, obrak egiteko lau hilabeteko epearekin. Honen helburua segurtasun azalerak berritzea eta erabilera seguruaren baldintzak, funtzionaltasuna eta estetika orokorra hobetzea da. Lanak Sagastieder, Elizasu, Casanao, Juan Karlos Gerra eta Araba parketan egingo dituzte.
Gainera, Intxaurrondoko Sagastieder parkea estaltzeko proiektua ere ontzat eman du batzarrak. Bertan, 140 metro kuadroko ehun estalkia ipini nahi dute, 120 metro kuadroko azalera babesteko. Hau, ETFE (etileno tetrafluoroetileno kopolimeroa) materialekoa izango da eta metalezko lau arkupe izango ditu.
Haur parkeak berritzeko lanek, 141.000 euroko aurrekontua dute, eta Sagastieder parkekoek, berriz, 167.000 eurokoa.