Maliko asilo eskatzaileen izapideak azkartzeko eskatu du alkateak

Amara Berriko Kofradien plazan inguruan lo egiten duten Maliko asilo eskatzaileen egoerak auzokideengan eragiten duen kezkari buruz galdetu zioten atzo Eneko Goia alkateari tokiko gobernu batzordearen bileraren ondoren egindako prentsaurrekoan. Udalaren eskuduntza zuzena ez bada ere, tramiteak azkartzeko zerbait egingo duen galdeginda, alkateak erantzun zuen ez dela eskuduntza kontua soilik, aukera kontua ere badela baizik.
Izan ere, Europako beste herrialde batzuek kanporatutako pertsona horiek Donostian daude izapideak egiteko bulegoa bertan dagoelako; alkatearen ustez, ordea, horrek ez du justifikatzen haien egoeraren erantzukizuna Donostiako Udalaren gain uztea. “Gehiegizkoa” dela uste du,”arazo global baten aurrean gaude eta udal batek ezin du konpondu”. Edonola, argi du udalak ahal duen heinean lagundu behar diela, beste erakunde batzuekin lankidetzan.
Erantzule nagusia Madrilgo gobernua dela gogorarazi du Goiak eta eskatu dio izapideak azkar ditzala. “Espainiako gobernuak du izapide horiek egiteko ardura, horren zain daude pertsona horiek. Hainbatetan esan diogu gobernuaren ordezkariari —Marisol Garmendia— irtenbide eraginkorrena izapide horiek azkartzea dela”. Gainerakoan, egoera zehatzei erantzuten laguntzeko prestutasuna berretsi du. “Gure esku dagoena egingo du egoera honi erantzuten laguntzeko”.