Manifestazioa egingo du Sarek Aste Nagusian

Sare Herritarrak “konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko” mobilizazioa aurrera eramango du hilaren 16an 12:30an. Bulebarretik abiatuko da eta hiriko kaleak zeharkatuko ditu.
Pasa den igandean, Euskal Herriko hondartzetan, egindako hainbat mobilizazioetan helarazi zuten ideia azpimarratu dute: “Gatazkak utzi dizkigun ondorio guztiekin amaitzea, oraindik indarrean jarraitzen duten sufrimenduekin behin betiko amaitzea”.
“Biktimen egia, aitortza eta erreparazioa” eskatuko dute eta, horretarako, “guztion ekarpena” behar dute, “euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea indartu eta arintzeko”. Horregatik, Gipuzkoako herritar guztiei luzatu diete gonbita “haur, gazte zein heldu, guztien ekarpena beharrezkoa baita” beraien ustez.