Zurriolako zubiaren berrantolaketa lanak onartu ditu udalak

Tokiko Gobernu Batzarrak Zurriolako zubia berrantolatzeko lanak onartu ditu. Horren bidez, oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza hobetu nahi du udalak, “arazo iturri” dela nabaritu baitu. Bere garaian, Kursaal aurretik igarotzen zen bizikletentzako bideak ere arazo ugari sortzen zituen eta beste aldera pasatu zuten. Hortaz, alkatearen hitzetan, “logika guztia du” Bulebarretik Grosera doan bidegorria uneoro eskuinetik joateak, “bizikidetza eta segurtasuna hobetuz”.
Hori lortzeko bi esku hartze gauzatu beharko dituzte. Atzo onartu zuten lehenengoan, egun zubiaren iparraldeko aldetik (itsasotik gertuen dagoena) doan bidegorria kendu eta hegoaldera lekualdatuko dute. Bizikletentzako bideak hartzen duen tartea oinezkoei emango diete, espaloia zabalduta. “Denok dakigu, eta hori da donostiarrok daukagun ohitura bitxi bat, zubia beti ezkerretik pasatzen dugula, eta normalean, eskuineko espaloia libre egoten da. Ezkerrekoa bete-beteta egoten da eta bizikidetza arazoak sortzen ditu bizikletan ibiltzen direnekin; sartzen ez den jende asko bidegorrira jaisten delako”. Tartea aipatu moduan berrantolatzeko, autoentzako errail bat kenduko dute.
233.386 euroko aurrekontua dute lanek eta hiru hilabetetan egikaritu beharko dituzte. Alkateak aurreratu zuen lanak uda ondoren hasiko direla eta datorren urteko udarako amaituak beharko luketela, izan ere, “ez da lan oso zaila ezta luzea ere”: espaloia zabaldu, bizikletentzako bide berria margotu eta Zurriola hiribidetik Bulebarrerako norakoan semaforo sistema moldatu, autobusei lehentasuna emateko.
Bigarren jarduketa, aldiz, “konplexua” da alkatearen esanetan. Izan ere, Bretxa aurrean eta Erregina Erregeordea kalean bidegorria hegoaldera mugituko dute eta aipatu kalean egin beharreko aldaketak “nabarmen samarrak” dira. Lorategien eta iturriaren ondoan jarriko dute bizikletentzako bidea eta iparraldeko espaloia zabalduko dute. Diseinua aurreratua badute ere, aurrerago onartuko dituzte lan hauek.