«Jai girorik gabe» parte hartuko dute Amara Berriko Auzo Elkarteko kideek kanoikadan

Gipuzkoako Elikagaien Bankuko kideekin batera, Amara Berriko Auzo Elkartekoak (ABAE) larunbatean hasiko den Aste Nagusiaren protagonista dira. Izan ere, bi erakundeak aukeratu baitituzte jaiei bide ematen dien kanoikadan udal ordezkariekin batera Artilleroa abesteko. ABAEren kasuan, beti egon da hiriko jaietan inplikatuta eta “aitzindari” izan da horiek auzoetara zabaltzeko ahaleginean.
“Ohoretuta” badaude ere, ABAEko kideak, ez dira halako ekitaldi batek “eskatzen duen jai giroarekin” joango, errefuxiatu izaera aitortzeko zain Kofradiakideak plazan dauden malitarren egoerak eragiten dien kezka dela eta. Hala adierazi dute Eneko Goia alkateari zuzendutako gutun batean. Udalak azken osoko bilkuran aho batez onartu zuenaren “funtsezko zatia” bete gabe jarraitzen duela salatu dute, alegia, baldintza onartezinetan bizitzeari utz diezaioten beharrezkoak diren baliabideak gaitzea. Igarotzen den egun bakoitzeko pertsona horiei —eta kalean bizi behar duten guztiei— “huts egiten” dietela sentitzen dute, “duintasunez bizitzeko gutxieneko sabaia eta zerbitzuak ematen ez zaizkielako, giza eskubideak errespetatzeak eskatzen duen bezala”.
Orain arte egin moduan, jaien ospakizunean inplikatuko direla berretsi dute, baina udalari “premiazko neurriak” hartzeko eskatzea lehen betebehartzat jo dute auzoarekiko eta kalean bizi direnei arreta ematen laguntzen ari diren erakunde, talde eta pertsonekiko. Azaldu dutenez, auzoan arazoari aurre egiten ari zaizkio “baliabide prekarioekin eta tentsioa gehituta, hau da, edozein unetan egoerak okerrera egin dezake”. Horregatik, egoerari lehenbailehen konponbidea ematea galdegin diote udalari.