Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak udalaren zarataren txostenarekin desadostasuna adierazi du

Udalak Parte Zaharrean dagoen zarataren inguruko txostena argitaratu zuen uztailean. Bertan, soinu inpaktuari buruzko azterlana egin ondoren, hainbat neurri hartuko zirela adierazi zuen: hiri zerbitzuen kudeaketa, turismo eta ostalaritza jardueraren erregulazioa, sentsibilizazio eta hezkuntza kanpainak, herritarrentzako zuzeneko laguntzak eta datuetan eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako plangintza.
Hala ere, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak txosten horrekin desadostasuna erakutsi du. Kideen ustez, udalak ez du bertan “errealitatea” islatu eta beraien iritzia kontuan izan ez dutela diote.
Hainbat esaldiren erabat kontra daude. Esaterako, “Ingurumeneko Sailak, auzotarrek eskatu ondoren, soinu azterketa egitea” erabaki izana egia ez dela ziurtatu dute, baita azterketa gehiago behar ez dituztela ere, soinu arazoak dagoeneko ezagunak direlako. Datuak zuzenean jasoko dituen sonometroa ipintzea nahi dute, honek limite legalak gainditzen duenean abisatzeko. Halaber, Zonifikazio Akustikoko Plana onartzea eskatzen dute, soinu kalitate ona bermatuko dituen neurriak hartuko dituena.
“Neurri hauek aurrera eramateko lana egin bitartean bizilagunen partaidetza handia izan dugu” esaldia ere ukatu dute.”Partaidetza prozesurik ez dituzte egin”, azpimarratu dute, “bizilagun Elkarteak etxebizitzak eta eremuak proposatu ditu soilik”. Ekainaren 12an, Parte Zaharrean Bizi elkarteak, udalari txostena eskatu bazion ere, honek uztailaren 17ra arte ez zion bidali, baina “12an dagoeneko komunikabideek kopia zutela” salatu dute kideek.
Soinu neurketak egin diren momentuekin ere ez daude ados. Beraien aburuz, neurketak egun eta sasoi gehiagotan egin beharko lituzkete, emaitza “zehatzagoak” lortzeko. Gainera, udal ordenantzak ezartzen duen dezibel limitea erabiltzearen aldeko iritzia dute, honekin ondorioak “biribilagoak eta toki gehiagotara zabalduak” izango liratekeelako.
Horrez gain, txosten honetan konponketak proposatzen ez direla baieztatzen dute kideek. Horregatik, lehen aipatutako hiru eskaerak dituzte: sonometroa ipintzea, Zonifikazio Akustikoko Plana onartzea eta udalaren egiazko partaidetza zintzoa izatea.