Urrezko lehen puntua Fernandez eta Sotilentzat

Antiguako Pilotazaleok elkarteak antolatutako 77. Antiguako Pilota Txapelketaren ligaxkako bigarren jardunaldia jokatu zuten asteazken arratsaldean. Antiguako frontoian, ohi denez, bi partida izan ziren. Promesetan, Oier Ibarluzea eta Alvaro Canseco Harkaitz Murua eta Endika Santestebanen aurka lehiatu ziren; seniorretan, aldiz, Jorge Fernandez eta Julen Sotilek Beñat Zubizarreta eta Unax Landa izan zituzten aurrez aurre.
Promesen B multzoko lehen neurketan, erakustaldia eman zuen Ibarluzea-Canseco bikoteak Murua-Santesteban 22-11 irabazita. Hasieratik bukaerara arte jaun eta jabe izan ziren, joko bizia eta agintea uztartuz. Murua eta Santesteban defentsa lanetan aritu behar izan zuten gehienetan eta akatsek konfiantza galarazi zieten. Garaipen sendo honekin, Ibarluzea-Canseco bikotea promesen txapelaren hautagai nagusietako bat bihurtu da.
Senior mailari dagokionean, lehia estua izan zen Fernandez-Sotil eta Zubizarreta-Landaren artean. Norgehiagokaren erdialdean indartsuago ziruditen Zubizarreta-Landak, baina aurkariek ondo eutsi zioten markagailuari. Aurrelarien arten tanto ikusgarriak izan ziren, baita akats nabarmenak ere, ordea. Urdinak aurreratu ziren 19-16, baina berdintzea lortu zuten gorriek, eta azken hiru tantoetan beren eskarmentua eta lasaitasuna baliatu zuten garaipena eskuratzeko.