«Indibidualismoa indartsu dagoen gizartean, piratek gure mugimendua aldarrikatzeak asko pozten gaitu»
Maria Serrano eta Karlos Etxeberria, Donostiako Pentsiodunen Mugimenduko kideak.Inge Arzensek Nola hasi zen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua?
Hasiera nahiko espontaneoa izan zen, WhatsApp bidez hasi ginen lehenengo mezuak partekatzen. Pentsioak urte batzuez izoztu zituzten eta Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministro Fatima Bañezek eskutitza bidali zigun, modu txarrean, ehunekoa igo ez zutela erakutsiz. Eskutitz horretan harrokeria soilik erakutsi zuten. Honek haserrea sorrarazi zigun eta hiritarrok plazan espontaneoki bildu ginen. Ondoren, koordinatzen hasi ginen, lehenengo Gipuzkoan, eta gero beste herrialdeetan. Hortik aurrera, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua sortzen hasi ginen. Mugimendua transbertsala, dinamikoa eta parte hartzailea da.
Gure mugimendua 2018an sortu zen, baina lehenagotik eskatzen dute igoera hori. EAEan eta Nafarroan elkarteak egon dira eta 2013tik egin dituzte eskaerak. Geroago, haietako batzuekin elkartu ginen.
Aurten, Aste Nagusian, Matti izango zarete, nola hartu zenuten berria?
Ezusteko handia izan zen. Ekainean piraten partaide batek deitu gintuen eta Matti gu izendatzea pentsatuta zutela esan zigun, gure konpromisoa eta borrokarengatik eredu ginela uste zutelako. Gaur egun, indibidualismoa oso indartsu dago, horregatik, piratek gure mugimendua aldarrikatzeak asko pozten gaitu: bi belaunaldiak batera egotea oso garrantzitsua da guretzat, elkarrekikotasuna bermatzeko. Donostian eta Euskal Herrian poza handia hartu dugu.
Zein jardueratan hartuko duzue parte?
Lehenengo eguneko txupinazoan hartuko dugu parte, izan ere, Mattik (Maria Serranok) egingo du lehendabiziko hitzaldia. Abordatzean eta astearteko kale jira feministan egongo gara ere. Pentsiodunen Mugimenduaren barnean badago emakumeen mugimendua, soldata arrakalaren aurka borrokatzen dutenak eta horiek bertan egongo dira. Bestetik, Piraten Eguna, 15a, oso garrantzitsua izango da, gazteak eta helduak batu egingo garelako.
Maria Serrano, zu izango zara Matti, nola sentitzen zara?
Ardura handia sentitzen dut, baina jaian gure aldarrikapenak zeintzuk diren azaltzeko aukera aproposa dugu. Gazteek gure borrokarekin bat egiten dutela ikusiko da eta hori guretzat oso garrantzitsua da. Urduri nago, noski, baina arduradun sentitzen naizelako. Niretzat ohorea da, pertsonalki, betidanik egin dudalako berdintasunaren eta justiziaren aldeko borroka.
Pentsiodunek azkeneko urteotan zailtasunak izan dituzue, zein da zuen borroka?
Azken 50 urteetan egoera guztiz aldatu da. 1985a aurretik pentsioak kalkulatzeko azken bi urteetako kotizazio oinarria hartzen zuten eta %100 kobratzeko hamar urte lan eginda nahikoa zen. 1985ean aldaketa egin zuten, kotizazio oinarria zortzi urteetara pasatu zuten, eta %100 kobratzeko hamabost urte egin behar ziren lan. 1997an, azken hamabost urteetako kotizazio oinarria hartu zuten eta %100 kobratzeko hogeita hamabost urte egin behar ziren. Azkenik, 2011 aldaketa berria egin zuten eta erretiro adina 67 urtera atzeratu zuten. Gaur egun, kotizazio oinarria azken hogeita bost urteak dira eta %100 kobratzeko hogeita hamazazpi urte egin behar dira lan. Beraz, egoera hori izanik, gu ondorio kaltegarrienak indargabetzen saiatu gara.
Gutxieneko pentsioa igo nahi duzue…
Bai. 2011tik 2025era soilik %45eko igoera izan dute. Lanbide arteko gutxieneko soldatak, epe berean, %67ko igoera izan du. Guk erreferentzia moduan Espainiako Estatuan dagoen gutxieneko soldata hartu dugu: 1080 eurokoa. EAEn Herri Ekimen Legegilea aurkeztu dugu eta hori da gure aldarrikapen nagusiena.
Lehendakariari izapidearen aldeko txostena egin dezatela eskatzen diogu, gure gaia eztabaida dadin
Zein lorpen izan dituzue azkeneko urteotan?
Lorpen ugari izan ditugu: pentsioen balioa batezbesteko KPIaren arabera handitzea, sistema finantzatzeko jasangarritasuna bertan behera uztea, eta 2011ko 68 milioi euroko kutxa ikertzeko kontu ikuskapena lortzea. Halaber, pentsioen minimoa igo da, alarguntza pentsioena baita ere, murrizketa gehiago egitea ekidin dugu, gaia agenda politikoan ipini dugu eta bestelakoak lortu ditugu.
Gainera, adinekoek, azkenean, hartu dugu gizartean behar dugun rola. Erakundeek soilik ongizatearekin lotuta dauden ekintzak proposatzen dizkigute. Hala ere, guk gehiago egin dezakegu, indar handia dugulako oraindik gure borroka aurrera eramateko.
Zein da zuen lege proposamena?
Herri Ekimen Legegilea da gure lege proposamena. 2024ko irailaren 26an aurkeztu genuen eta urriaren 19an tramiterako onartu zuen Eusko Legebiltzarreko Mahaiak.. Urtarriletik aurrera lau hilabeteko epea izan genuen sinadurak biltzeko: 10.000 sinadura eskatzen zizkiguten gure proposamena Legebiltzarrean eztabaidatzeko eta guk 145.000 baino gehiago lortu ditugu. Orain Jaurlaritzak iritzia eman behar du eta Legebiltzarreko talde parlamentarioek eztabaidarako onartzen duten edo ez erabaki behar dute. Lege honekin gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatu nahi dugu.
Horri esker, pentsiodunen bizi baldintzak hobetuko lirateke. EAEko 100.000 pertsonek edukiko lituzkete onurak, horietatik 65.000 emakumeak dira. Horrela, genero arrakala leuntzen lagunduko genuke.
Imanol Pradales Lehendakariarekin elkartu al zarete?
Bai. Uztailaren 17an elkartu ginen berarekin. Bilera giro onean joan zen. Gure proposamena zehatz mehatz erakutsi genion. Guk badakigu gure proposamena Espainiako konstituzioarekin bateragarria dela. Estatutuaren barnean aurrera eramateko aukera badago, baina baloia kanpora bota dute eta Estatuan babestu dira. Beraz, Legebiltzarrari bere helburuarekin kontsekuente izan dadila eskatzen diogu, euskal gizarte justuagoa eta ekitatiboa eraikitzeko. Lehendakariari izapidearen aldeko txostena egin dezatela eskatzen diogu, gure gaia eztabaida dadin. Hau EAEko eskumenetan sartzen da eta, horregatik, benetako ardura hartu behar dute.
