Oñatin ostatu emango diete kalean bizi diren maliarrei

Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalarekin elkarlanean Oñatin duen ostatu bat egokitu du “modu ezohikoan eta epe baterako” Amara Berriko kaleetan bizi diren maliarrak hartzeko. Idatzi batean aldundiak azaldu du 50 bat lagunentzako lekua duela eta zabalik egongo dela errefuxiatu izaera aitortu eta nazioarteko babesa lortzeko izapideak osatu artean. Helburua, premiazko behar sozial bati “erantzun azkarra” ematea da.
Era berean, bi erakundeek gaitzetsi egin dute Espainiako gobernuaren “geldotasun kezkagarria eta ekimen falta”, izan ere, espainiar Estatuaren harrera sistemaren gabeziek dozenaka etorkin zaurgarri egin baititu. Hori aldatu asmoz, bi erakundeek hartu dute premiazko behar sozial bati “erantzun azkarra eta behin-behinekoa” emateko ardura.
Edonola, Espainiako gobernuari eskatu diote “harrera duina bermatu eta babesgabetasun egoera saihesteko” izapideak arindu eta beharrezko baliabideak martxan jartzea. Zeregin horretan lankidetzan aritzeko borondatea berretsi dute, errealitate horri “konpromisoz eta babes bermez” helduko dion “erantzun egituratu, eraginkor eta koordinatu bat” emateko.